Lelo berria baina betiko osagaiak izango ditu Haujijijairen egitarauak

Ihintza Elustondo 2026ko uztailaren 24a

Haujijijai festa batzordeko kideak, egitaraua aurkezten. (Haujijijai)

Haujijijai festa batzordeko kideek San Inazio jaietarako egitarau herrikoia antolatu dute, eta aurtengoan, lelo berria baliatu dute horretarako: Arroxaz bustiz, mundu berria eraiki. Festak ez ezik, aldarrikapenak ere izango du lekurik jaiek iraun bitartean. Bakailao Txapelketarako izen ematea zabaldu dute; aurten online ere ahalko da izena eman.

Beste urte batez, Haujijijai festa batzordeko kideek Santio eta San Inazio jaietarako egitarau herrikoia antolatu dute, eta aurtengoan, lelo berria baliatu dute horretarako: Arroxaz bustiz, mundu berria eraiki. Askotariko ekintzak antolatu dituzte: besteak beste, herri bazkaria, kontzertuak eta Bakailao Txapelketa. Ekintza berritzaileak ere izango dira aurtengoan: herriko festa batzordeetako kideekin batera, txupinazoa botako dute Haujijijai festa batzordeko kideek, kuadrillarteko jolasak egingo dituzte, Bakailao Txapelketako pintxoen dastaketa eta erasoen aurkako kalejira, Itaiarekin batera. 

Festetako ekintzek izango dute lekua saninazioetako egitarauaren barruan, baina Haujijijai festa batzordeak adierazi du ezin direla aldarrikapenak alde batera utzi. Horregatik, uztailaren 30eko herri bazkariaren ostean, elkartasun argazkia aterako dute "palestinar herri langileari eta erresistentziari elkartasuna adierazteko eta Israelgo estatu sionistaren basakeriak salatzeko". Horrez gain, abuztuaren 1ean, 10:30ean, Loiolan izango dira Sañu Bizirikek deituta egingo duten elkarretaratzean "makropoiektuen aurrean, lurraren defentsa aldarrikatzeko".

Festa batzordeak azpimarratu du "lan militanterik gabe eta txosnetako txandetan parte hartzen duten herritarren borondatezko lanik gabe" ezinezkoa litzatekeela beren egitaraua garatu ahal izatea. Hori horrela, Haujijijaik aitortza egin nahi die "urte luzez saninazioak antolatzen aritu diren herritarrei zein Azpeitiko gainontzeko auzoetako festak posible egiten dituzten herritarrei, zaharrei zein gazteei". 

Haujijijaik adierazi du festa batzordearen lana ez dela soilik egitaraua antolatzera mugatzen: "Egitaraua martxan den bitartean eta txosnagunean denontzako espazioa seguruak sortzea ere bada gure helburua". Batzordeak adierazi duenez, festa giroan areagotu egiten dira kolektibo zaurgarrien aurkako erasoak, eta horri irmoki aurre egin behar zaiola. "Beraz, ez ditugu festetan inolaz onartuko ideia eta jarrera arrazistak, matxistak, LGTBIfobikoak, klasistak eta faxistak".

Haujijijai festa batzordeko kideak, azalpenak ematen. (Haujijijai)

Bakailao Txapelketa

Era berean, Haujijijaik antolatuta, Bakailao Txapelketa egingo dute abuztuaren 1ean, larunbatez. Aurtengoa txapelketa horren hamabosgarren aldia izango da, eta 11:00etan hasiko da lehia. Hori bai, partaideek 10:45erako plazan egon beharko dute. Lehiaketan parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena Jim Clark, Haginpe, Korrale eta Sanagustin tabernetan. Izen ematea online egin nahi dutenek, berriz, lotura honetan egin dezakete. Uztailaren 28a, asteartea, da izena emateko azken eguna. 

Aurreko urteko formatu bera izango du txapelketak, baina izango dira berrikuntza batzuk. Partaideek 40 minutuko denbora izango dute kilo bat bakailao prestatzeko, eta bi minutuko tartearekin hasiko dira lanean. Antolatzaileek elementu hauek jarriko dituzte: bakailaoa, baratxuria, olioa eta suak. Aldiz, gainontzeko elementuak partaideek eraman beharko dituzte: kazola, koilarak, perexila...

Epaimahaiaren ustez bakailao onena prestatzen dutenek honako sari hauek eskuratuko dituzte: lehen sailkatuek bi lagunentzat otordu bat irabaziko dute Jai Alai jatetxean, bigarrenek ardo botila bat eta bi txuleta, hirugarrenek Sakona landetxeko produktuen otarrea, eta elkarte onenak urtez urte berritzen joan den Bakailao Txapelketako koilara.

Aurtengo txapelketak berrikuntza garrantzitsu bat izango du: aurreko urteetan bertaratutako jendeak bakailaoa dastatzeko nahia adierazi izan du, eta hori horrela, aurten, txapelketa amaitzean, bakailao hori dastatzeko aukera egongo da. Hala ere, partaideek aukeratu ahal izango dute beraiek prestatutako bakailaoa etxera eraman edo dastaketarako utzi. 

Egitaraua

Hona hemen Haujijijairen festetako egitaraua:

Bihar, larunbata

  • 12:30. Kantujira.

Uztailak 26, igandea. Umeen Eguna

  • 13:30. Harrera.
  • 14:30. Bazkaria.
  • 15:30. Jolasak.
  • 17:00. Kalejira.
  • 17:30. Amaiera.

Uztailak 28-29, astelehena eta asteartea

  • Auzolana: txosna prestatu, apaindu...

Uztailak 30, San Inazio bezpera

  • 11:00. Hamaiketakoa.
  • 12:00. Txupinazoa.
  • 12:05. Skapaie.
  • 15:00. Herri bazkaria.
  • Ondoren, Palestinarekiko elkartasun argazkia.
  • 17:00. Txosnagunearen irekiera eta jolasak.
  • 21:30. Manitu.
  • 23:30. Balantza erromeria.
  • Ondoren, Jamaiketako DJa.

Uztailak 31, San Inazio eguna

  • 13:00. Kalejira, Eraso ororen aurka! lelopean. 
  • 19:00. Burrumba (poteoa girotzen).
  • 20:30. Parrillada.
  • 22:00. Leihotikan.
  • 01:00. Street Wise.
  • 02:30. Indate DJa.

Abuztuak 1, larunbata

  • 10:30. Kontzentrazioa, Loiolan. Lurraren defentsan: makroproiekturik ez! lelopean.
  • 11:00. XV. Bakailao Txapelketa.
  • Ondoren, bakailao banaketa.
  • 17:30. III. Kuadrillen arteko jolasak.
  • 22:00. Tapia eta Leturia.
  • 01:00. Hazas.
  • 02:30. Kaparrak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide