Aurretik, unean bertan nahiz ondoren jende multzo batek lanean jardun duelako egiten dira tokian tokiko festak; berez ez dira izaten, ezta gertatzen ere. Parranda egiten da festetan, baina hori baino gehiagorako balio du leku bakoitzeko festa batzordearen lanak. Elizkalekoa, Matxinbentakoa, Lasaokoa, Nuarbekoa, Landetakoa, Elosiagakoa, Loiolakoa, Sanjuandegikoa, Urrestillakoa, Aratzerrekakoa, Haujijijai... asko dira tokian tokiko jaiak antolatzen aritzen diren batzorde herrikoiak. Horietako bost batzordetako kideekin hitz egin du Gukak, bakoitzaren jardunaren eta egoeraren berri jakiteko.
Karnabalen ondorengo herriko festak Loiolan izaten dira, sanjosetan. Azken 30 bat urtetan Loiolako festen batzordean apenas erreleborik izan duten, betiko zortzi-bederatzi loiolatar ibiltzen dira. "Gazteenak geu gara Loiolako festa batzordean", dio Loiolako Iturbide baserriko Aitzol Arregik –45 urte ditu–. Haren ustez, "erreleboak naturala" beharko luke, baina gaur egun jendeak "egutegiak beteta" izaten ditu.
Loiolara jendea erakartzea ez da zaila Arregiren ustez, "berez ere jendea ibiltzen delako han". Baina festetan ekitaldi berriak antolatu nahi badira, antolatzaileen ekimenez atera behar dira aurrera horiek. Horretarako, antolaketa taldean kide berriak behar dituzte. "2023an asto lasterketa bertan behera utziarazi ziguten, eta hutsunea betetzeko artisau azoka antolatu dugu azken bi urteetan. Harrituta gelditu gara azokak izandako harrerarekin, eta artisauak ere oso eskertuta azaldu zaizkigu; gustura daude Loiolako festetan plaza eskaini diegulako". Erreleboaren faltan, auzoko bi neskarekin hitz egin dute, haiek festetan jarduteko gogoz ikusi dituztelako, eta ekarpenik ere egin diete: "Axkiolako eta Errekarteko bik jo zuten festa batzordekoongana jaietarako zerbait proposatu nahi zutela esanez. Guk pozik hartu genituen, eta zer antolatu nahi zuten galdetu genienean, punk kontzertu bat antolatuko luketela esan ziguten".
Festak antolatzeko erreleboa falta dutenak dira Aratzerrekakoak ere; auzo horretako Ana Odriozolak eta Marina eta Susana Odriozola ahizpek garbi dute haien segidarik gabe sanisidroak –Aitzur Festa– galdu egingo direla. "Maiatzaren 15a da San Isidro eguna, eta Aste Santuaren bueltan hasten gara zerbait antolatu behar dugula-eta auzotar talde bat hizketan", dio Susanak.
Aratzerrekako festek auzotarrak elkartzeko balio dutela uste dute hirurek. "Taberna itxi zenetik, Aratzerrekan ez da ia inor ibiltzen; auzokoak kotxean pasatzen ikusten dira, baina inor ez da gelditzen. Sanisidroek Aratzerrekakoak elkartu eta kontu zaharrez hitz egiteko nahiz elkarren berri izateko balio dute. Auzoan gutxi gara, eta jaietan bakarrik elkartzen gara".
Garai batean Aratzerrekako baserrietan elkarri laguntzen jarduten ziren bezala aritzen dira egun ere lanean jaiak antolatzeko, auzolanean. Festa egunak ekitaldiak antolatzen igarotzen dituzte, baina ez dute horren damurik. "Nekatua hartzen da, baina ondo ere pasatzen dugu. Oso gustura egoten gara, eta guri horrek balio digu".
Kezkarik ere sortzen du, ordea, auzo txiki bateko festak antolatzeak; hala azaldu dute Aratzerrekako Ibarrolakoek: "Festen aurretik nahiko edari eta janari erosi ote dugun kezka izaten dugu, eta bukatutakoan, berriz, fakturak jaso, ordainketak egin eta kontu guztiak garbi udaletxera eraman behar izaten ditugu. Lan hori da nekezena, denbora asko pasatzen delako kontu denak ixterako".
Antolaketarako elkarlana
Loiolakoaren eta Aratzerrekakoaren aldean, festa batzorde handiagoak dira Sanjuandegiko XJ Auzolanean, Urrestillako Festa Batzordea eta saninazioetako Haujijijai. Kide gazteek osatutako batzordeak dira, eta urterik urte berritzen doazenak. Gainera, beren artean nolabaiteko elkarlanean ere aritzen dira, txosnetarako edalontziak erosteko edota txandak egiteko.
Urtero, festak antolatzeko abiapuntua berbera dute hiru festa batzorde horiek: jaietarako kontzertuetarako taldeak lotzea. Sanjuandegin ekainaren lehenengo asteburuaren bueltan ospatzen dituzte auzoko jaiak, baina aurreko urteko azarorako hasten dira prestaketekin, XJ Auzolaneaneko Alaitz Azpillagak eta Iosu Merinok kontatu dutenez. "Bilerak noiz egin erabakitzeko eta kontzertuetarako taldeez pentsatzen hasteko elkartzen gara azaro aldera. Festen antolaketarako oinarria eginda izaten dugu, eta hori jarraitzen saiatzen gara, baita ekitaldi berriak gehitzen ere".
Azken bi urteetan gazte asko batu dira XJ Auzolaneanera, eta kide "beteranoak" oso pozik daude. "Zaharrenok 25 urte ditugu, baina dagoeneko hamar urte daramatzagu festak antolatzen", dio Merinok. Bi urte atzera egin, eta orduko egoera bestelakoa zela gogoratu du. "2022. eta 2023. urteetan Sanjuandegiko jaiek booma izan zuten, eta gain hartu zigun kontuak. Hurrengo urtean ez zen gazterik sartu batzordera. Orain, zorionez, gazteak batu dira; oso langileak dira, lanerako prestutasuna dutenak nahiz auzoaren alde lan egiteko eta laguntzeko prest daudenak".
Gazteak antolaketa taldera batuta, hogei bat auzotar biltzen dira Sanjuandegin festak prestatzeko. Taldea handitu den arren, oraindik ere "beteranoek" festa batzordean segitu beharko dutela dio Merinok. "Gazteei irakatsi egin behar zaie nola antolatzen garen. Urte batzuetara tokatuko zaigu erreleboa ematea, eta seguru gaude esku onetan utziko dugula batzordea".
Lana egiteaz gain, jaietan gozatzeko tarteren bat hartzen saiatzen dira XJ Auzolaneanekoak, baina askotan, ez dute posible izaten. "Beti sortzen da zereginen bat, zerbait falta delako...". Izan ere, lana da festak antolatzea, egitarauan kabidarik ez duten zeregin ugari egitea egokitzen delako: "Festetako programan azaltzen ez diren egiteko asko izaten dira: judokoei gozokiak ematea, xakekoei hamaiketakoa eskaintzea... eta lan fisiko asko ere bai". Mantangorri jaitsi aurreko egunetan bete-betean hasten dira lanean Sanjuandegin. Horretarako, lanetik egunak jai hartu behar izaten ditu Merinok: "Bestela, ezingo nuke festa batzordean jardun. Karpa, txosnak eta 250 lagunentzako mahaiak eta aulkiak muntatu eta desmuntatu behar izaten ditugu; Mantangorri egoera onean dagoen begiratu behar izaten da, jaitsieran ezustekorik ez gertatzeko; festa egunetan txosna garbitu behar da eta hozkailuak bete. Lan asko izaten da egiteko, baina guk gustura egiten dugu". Auzoa festa betean ikustea atsegin du Merinok, eta gustuko tokian, aldaparik ez: "Auzoa bizirik eta auzotar gazteak lanean ikustea ederra da".
Sanjuandegikoen segidan, festetako lekukoa Urrestillakoen eskuetara igarotzen da; festa batzorde gaztea da haiena ere. 33 bat herritarrek osatzen dute Urrestillako Festa Batzordea, baina batik bat elkartzen direnak hogei lagun inguru dira. Horietako hiru dira Malen Arregi, Iñigo Soraluze eta Sara Garate. Urtarrilean egiten dituzte sanjoanak prestatzen hasteko lehen bilerak. "Aurreneko gauza musika taldeei deitzen hastea izaten da, eta behin hori lotutakoan, Whatsappez hitz egiten ditugu hainbat kontu, kide batzuek herritik kanpo ikasten baitute", azaldu du Garatek. Antolaketa lanak ahalik eta zorrotzen gauzatzen saiatzen dira Urrestillakoak, "txandak eta ardurak ondo banatuta".
Festa batzordeko kideak ez dira nahikoa izaten sanjoanetarako kontu denak antolatzeko, eta, horregatik, gainontzeko herritarrengana jotzen dute laguntza eske: "Haurrentzako jarduerak antolatzeko gurasoei eskatzen diegu laguntza, Jubilatuen Egunerako soziedadekoekin hitz egiten dugu, lizarra bilatzeaz eta ekartzeaz herriko beste batzuk arduratzen dira, eta txosnan laguntzeko Urrestillako Whatsapp taldean eskatzen dugu laguntza".
Hori hala, herritarrek elkarlanean osatzen eta egiten dituzte Urrestillako sanjoanak. Lana egin bai, baina herriko jaiekin gozatzeko beta ere hartzen dute. "Sanjuandegiko festa batzordekoak eta Haujijijaikoak etortzen dira Urrestillara txosnako txanda bana egitera, eta gu joaten gara haiek antolatutako festetako txosnetan txandak egitera. Era horretan, festarako tarteren bat hartzeko aukera edukitzen dugu", dio Garatek.
Txosnako txandez gain, harago doa hiru festa batzordeen arteko elkarlana: txosnetarako edalontziak batera erosten dituzte Sanjuandegiko jaietarako. Gero, handik Urrestillara eramaten dituzte, eta sanjoanetatik saninazioetara, Haujijijaikoentzako. "Edalontziena gastu handia da, eta denon artean ordaintzen eta berrerabiltzen ditugu", adierazi du Amets Criado Haujijijaiko kideak.
Oinarriak
Urrestillan sanjoanak bukatu orduko, Haujijijaikoak saninazioen bueltako antolaketa borobiltzen hasten dira buru-belarri, astero herriko plazan bilduta. Hilabete batzuk lehenago, otsail aldera, uztailerako kontzertuak lotzen hasita izaten dira, eta batzar irekiak maiatzetik aurrera egiten dituzte. Criadoz gainera, Naira Sudupe eta Aner Gantzarain ere Haujijijaiko kideak dira.
Festa batzorde horrek talde egonkorra du, antolaketarako eragile lana egiten duena, baina erabakiak batzar irekietan hartzen dituzte. Batzarretako parte hartzeak "boladak" izaten dituela aitortu dute, baina ekainean egindako saioan 48 pertsona elkartu ziren. "Pertsona kopuru hori ez da ohikoena, baina jendea etortzen da bilera irekietara eta ekarpenak egiten ditu. Herritarrek badute parte hartzeko borondatea".
"Gure intereseko festak izatea nahi badugu, bakoitzak ekarpena egin beharra daukagu antolaketan. Musu-truk aritzen gara, guk nahi bezalako jaiak egiteko. Militantzia lanaren mezua zabaltzen saiatzen gara, eta Haujijijaik funtzionatzen badu, jende gaztea mugitzen delako da", azaldu du Criadok.
Saninazioetako txosnetako kontzertuetarako, herri bazkarirako, jolasetarako, bakailao txapelketarako... lantaldeak osatuta izaten ditu aurretik Haujijijaik, eta lanerako prest daudenak talde horietara batzera bideratzen dituzte.
Urrestillako eta Sanjuandegiko festa batzordeekin harremana dute Haujijijaikoek, baina baita beste eragile batzuekin ere. Txosnetarako indarkeria matxistaren kontrako protokoloa egiteko, Itaiaren laguntza jasotzen dute. "Txosnetan txandak egingo dituztenei protokoloa azaltzeko egun bat jartzen dugu, eta bilera horrek harrera oso ona izaten du. Gainera, lantalde bat daukagu erasoen kontua lantzeko. Haujijijaik antolatutako festetan gutxieneko aldarri batzuk ditugu: gure festetan ez dute lekurik eraso matxistak egiten dituztenek, LGTBIQ+ komunitatekoei eraso egiten dietenek, arrazistek eta faxistek".
Jai handiagoak, egun gehiagokoak ala gutxiagokoak antolatu, festa batzorde herrikoiek oinarri bera dute: festa egingo bada, lan egin beharko dela. Auzoek, kaleek eta herriek bizia izango badute, auzotarren zein herritarren ekarpenetik izango da; tokian-tokian modu horretan ari dira lanean festa batzordeetako kideak.
Marina Odriozola eta Ana Odriozola, Aratzerrekako festa batzordeko kideak. (Nerea Uranga)
Iosu Merino eta Alaitz Azpillaga, XJ Auzolaneaneko kideak. (Nerea Uranga)
Malen Arregi eta Iñigo Soraluze, Urrestillako Festa Batzordeko kideak. (Nerea Uranga)
Naira Sudupe eta Aner Gantzarain, Haujijijaikoak. (Nerea Uranga)