Herritarrak eta sagardoa, Santio egun eguerdiko protagonistak

Julene Frantzesena 2026ko uztailaren 25a

Herritar ugari atera dira eguerdian kalera, Santio egunak berarekin dakarren festara. Sagardoa eta txekor nahiz hegaluze erre pintxoak dastatzeko parada izan dute, baita animaliak ikustekoa ere. Sagardo txapelketa Gaztañagak irabazi du, eta gazta lehia, berriz, La Leze gaztandegiak. Giro bikainean igaro dute eguerdi partea, eta festan segitu nahi duenak izango du horretarako aukera datozen orduetan ere. 

Sagardoa eta txekorra nahiz hegaluzea. Horiek izan dira gaur, Santio egunez, protagonista nagusiak Azpeitian. Eta herritarrak ere bai, noski; izan ere, ehunka lagun atera dira eguerdi partean kalera sabelak betetzera nahiz festan murgiltzera. Ohiko ekitaldiak izan dira Baserritarren Eguneko lehen orduetan, eta gauera arte, ez da hitzordurik faltako.

Goizean, kalejira egin dute Udal Musika Bandako ordezkariek, eta haien atzetik atera dira kalera Izarraitz txistulari elkartekoak. 11:00en bueltan, Urolakoen Nafar Zuzterrakek antolatuta, Nafarroako banderari omenaldia egin diote hainbat lagunek plazan; besteren artean, Ikasberri Ikastolako dantza eskolako kideek dantzan jardun dute, eta Amaia Aranagak Jean Mixel Bedaxagarren Nafarroa jota abestu du. Gainera, ekitaldian izan da Xabier Irujo historialaria, baita haren seme-alabak ere. 

Gero hasi da saltsa. Herritar ugari joan dira plazara, eta pixkanaka-pixkanaka, betetzen hasi da. Bien bitartean, Astotegian hainbat abere eta animalia ikusteko parada izan dute herritarrek, hala nola astoak, behiak, zaldiak eta txakurrak. Berez, eskualdeko ganadu txapelketa egitekoak ziren, baina dermatosi nodular kutsakorra tarteko, bertan behera utzi zuten hitzordua eta haren ordezkoa antolatu. Hain zuzen ere, horixe izan da aurtengo berrikuntza nagusiena.

Gaztañaga eta La Leze nagusi

12:00en bueltarako plaza jendez leporaino zegoen, eta nabari zitezkeen ordurako txekor nahiz hegaluze erre usainak. Ilara luzeak osatu dira, gainera, bi jaki horien pintxoak eskuratzeko, eta ohiko legez, janaz eta edanaz gozatu ahal izan dute herritarrek. Mixio taldeko kideak arduratu dira pintxo banaketaz, eta harrera ikaragarri ona izan dutre horiek. Ez dute jakinarazi oraindik zenbat diru bildu duten gaur eguerdian, baina batu dutena Venezuelako nahiz Afrikako proiektuetara bideratuko du Parrokiako taldeak. 

Gazta lehiaketara aurkeztutako 23 gaztandegitako kutixiak dastatzen aritu dira, halaber, epaimahaiko kideak eguerdi partean, Azoka Plazan, eta haiek erabaki dute Ilarduiako (Araba) La Leze gaztandegikoa izan dela aurtengo gaztarik onena. Haren atzetik sailkatu dira Segurako (Gipuzkoa) Goiburu eta Idiazabalgo (Gipuzkoa) Gaztainaditxulo. 

Sagardo postuetan, berriz, izan dute lanik edari preziatua zerbitzatzen aritu diren lagunek. Ohiko moduan, plazako arkupeetan postuak jarri dituzte 22 sagardotegik, eta herritarrek ez dute hutsik egin; hainbat etxetako edariak berehala gastatu dira. Gainera, dastagai izan diren sagardotegiak lehian aritu dira bitartean kioskoan, eta txapelketa erdibidera iritsi denean, bertsotan aritu dira Iker Zubeldia, Aitor Mendiluze eta Maddalen Arzallus.

Hainbat herritarrek osatutako epaimahaia arduratu da lehiakide guztien sagardoak dastatzeaz, eta kide horiek erabaki dute aurtengo edaririk onena Gaztañaga etxekoa izan dela. Bigarren egin du Oihartek, eta hirugarren, berriz, Lizeagak.

Txapelak, banatuta

Horrez gain, eta urtero legez, Cesar Valverde pilota txapelketako finalak jokatu dituzte hainbat gaztetxok Izarraitz pilotalekuan. Bederatzi norgehiagoka jokatu zituzte aurre benjamin, benjamin, kimu eta infantil mailetako pilotariek, Ilunpe elkarteak antolatuta.

Herritar ugari izan dira partidak ikusten, eta honako hauek izan dira emaitzak: Iker Moralesek 16 eta Izei Garmendiak 14; Unax Larrañagak eta Oihan Odriozolak 16 eta Xanti Labakak eta Julen Sagarzazuk 7; Aratz Azkoitiak 16 eta Patxi Berasategik 9; Haritz Amenabarrek eta Xabat Otaegik 16 eta Xuban Iruretak nahiz Lukas Bastidak 13; Mikel Gurrutxagak 16 eta Xabier Aizpuruk 6; Mathias Ceronek eta Unax Urkizuk 16 eta Xanti Garitaonandiak eta Ibon Huegunek 14; Xabat Goenagak 16 eta Oihan Urangak 8; Enaitz Saizarrek eta Aetz Imazek 16 eta Eki Martinezek eta Urritz Aizpuruk 13; eta Aitor Erasok 18 eta Xuban Arandiak 7. 

Sari banaketa ekitaldia egiterako banatu du, halaber, Ilunpek aurtengo zozketaren saria, eta Jabier Salegi izan da irabazlea, hark baitzuen 3945 zenbakidun boletoa. 

Arratsaldean gehiago

Arratsaldean segituko du festak Errekortarien Txapelketarekin, txarangarekin, Sardina Freskue ikuskizunarekin, pala partidekin eta erromeriarekin. Beraz, festan jarraitu nahi dutenek, gustu guztietarako egitaraua izango dute datozen orduetan.

Hona hemen, gaur arratsaldeko egitaraua:

  • 18:00. Errekortari Txapelketa Nagusia, zezen plazan. 
  • 18:30. Sardina Freskue ikuskizuna, Done Jakue kalean. 
  • 18:30. Jainekin txaranga, Landeta auzotik herriko kaleetara. 
  • 21:00. Basque Motion elkarteak antolatuta, pala partida profesionalak, Izarraitz pilotalekuan. 
    • 1. partida: Fusto-Skufca eta Madariaga-Insausti
    • 2. partida: Mikel Sanz-Gordon eta Maldonado-Alkorta
  • 22:00. Zatekeen taldearen erromeria, herriko plazan. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide