Egun bete-betea izan zen atzokoa, goiz, arratsalde eta iluntze, hamaika eratako ekitaldiak eta jarduerak izan baitziren aukeran. Hain zuzen ere, pala partida profesionalekin eta Zatekeen taldearen erromeriarekin borobildu zuten eguna, ondo borobildu ere.
Pala partidei 21:00etan ekin zieten Izarraitz pilotalekuan, Basque Motion elkartearen eskutik. Aurreneko partidan, Fusto-Skufca eta Madariaga-Insausti bikoteek neurtu zituzten indarrak, eta bigarren partidan, Mikel Sanz-Gordon eta Maldonado-Alkorta bikoteek. Harmailetan betekada handirik ez zen arren, dozenaka batzuk lagun bildu ziren.
Plazan, ostera, jendetza handiagoa batu zuen Zatekeen taldearen erromeriak. Emanaldian zehar, tarteka, euri pixka bat egin zuen arren, nahikoa ez herritarrak plazatik erretiratzeko, haien dantzarako gogoa handiagoa zelako.