Erraldoiak dantzan, umeak liluratuta

Julene Frantzesena 2026ko uztailaren 26a

Korporazio txikiko kideak kalera atera dira gaur goizean. Perez Arregi plazatik plazara joan dira haiek, erraldoiak lagun zituztela, eta plazan dantzan aritu dira 22 konpartsatako erraldoiak. Iruñeko Alde Zaharreko konpartsa izan da dantza lehiaketako onena, eta dantzan ondoen egin duen erraldoia, berriz, Barañaingoa. Festan segitzeko aukera izango dute datozen orduetan umeek.

Iritsi da umeek hain preziatua duten zita: Umeen Eguna. Santioei ginga jartzeko eguna da gaurkoa; izan ere, bi festa egunen ondotik, iritsi da hirugarrena. Goizean hasi dira festa ekitaldiak, herriko txikienak protagonista direla; izan ere, Itsasi dantza taldeko eta Luis Beltza dantza suelto eskolako ikasleekin batera joan dira plazatik Perez Arregi plazara korporazio txikia osatu duten umeak, Juan Antxieta musika eskolako txistulariak eta Banda Gazteko kideak.

Perez Arregi plazara iristean zain zituzten hainbat erraldoi, eta korporazio txikikoek han aurreskua eginda, hitzorduko partaide guztiak plaza itzuli dira, erraldoiekin batera. Gainera, gaur atera dituzte kalera aurrenekoz Azpeitiko bi buruhandi berriak: ttuntturroa eta sukaldaria. Erdikalea igarota, plazan kokatu dira 22 konpartsatako erraldoiak, dantzara ateratzeko prest, eta herritarrek inguratuta. 

Hain zuzen ere, 12:00etan hasi da erraldoien dantza saioa, eta horretarako abilezia dutela denek erakutsi badute ere, Iruñeko Alde Zaharreko eta Barañaingo konpartsetakoak izan dira lehiaketaren garaileak: bakarkako saria jaso du Barañaingo Ezpelur konpartsako ordezkari batek (300 euro), eta taldekakoa Iruñeko Alde Zaharreko taldeak. Azpeitiko Argazki Elkarteko Juan Carlos del Pozo, Juan Antxieta musika eskolako Mari Jose Bikendi eta Itsasi dantza taldeko Amaia Aranaga aritu dira epaimahai lanetan, eta haiek esan dutenez, estua izan da lehia.

Ondoren ekin diote erraldoiek kalejirari. Erraldoien hitzorduari eguraldi eguzkitsuarekin ekin badiote ere, euria mehatxu izan da azken minutuetan. Hain zuzen ere, euri tanta batzuk egin ditu erraldoiak Alde Zaharrean barrena abiatu direnean, baina ez du askorik egin, eta kalez kale ibili dira. Umeak eta ez hain umeak pozarren aritu dira haiei begira.

Ekitaldi hainbat

Erraldoiek ekitaldia bukatu bada ere, festak ez du etenik izango datozen orduetan. Izan ere, Haujijai batzordeak antolatutako umeentzako bazkaria eta jolasak izango dira eguerdiaz geroztik, eta gero, beste hainbat ekitaldi: Inazio Deuna txirrindularitza saria nahiz artzai txakur txapelketa. Egunari bukaera Udal Musika Bandaren ohiko pasodobleen kontzertuarekin emango diote herritarrek.

Hona hemen gaur arratsaldeko egitaraua:

 

  • 14:30. Herriko haurrentzat eta gaztetxoentzat herri bazkaria, herriko plazan. 
  • 15:30. Haurrentzako jolasak eta kalejira, Alde Zaharrean. 
  • 16:15. 46. Inazio Deuna txirrindularitza saria, Lagun Onak txirrindulari elkarteak antolatuta, Perez Arregi plazan.
  • 17:30. Artzain txakur txapelketa, Artxate kooperatibak antolatuta, Olazko belardian. 
  • 19:30. Azpeitiko Udal Musika Bandaren pasodoble kontzertua, herriko plazan. 

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide