Puntistarik onenak izango dira saninazioetako desafioan

Andoni Elduaien 2026ko uztailaren 27a

Jaialdian parte hartuko duten puntistak, Odriozolarekin eta Osarekin. (Iraia Oteiza)

San Inazio bigarrenez jokatuko dituzte zesta-puntako partidak, Azpeitian. Gizonetan, Erkiaga-Atain eta Goixerri-Lekerika bikoteak ariko dira nor baino nor gehiago, eta emakumeetan, Gogenola-Lejardi eta Mugartegi-Watkins. Sarrerak salgai daude dagoeneko. Esku pilotako partidetan, berriz, aldaketa bat izango da: Aitor Arangurenek jokatuko dute Ekain Lizeagaren ordez. 

Zesta-puntako izar handien partidak izango dira datorren zapatuan, San Inazio bigarrenez, Azpeitiko Izarraitz frontoian. Eraman! Jai Alai enpresak udalarekin elkarlanean antolatuta, gizonen eta emakumeen desafio bana izango dira herriko frontoian, 19:00etan hasita. Open Series mailako jaialdia izango da Azpeitikoa: gizonetan, Erkiaga-Atain eta Goixerri-Lekerika bikoteak ariko dira nor baino nor gehiago, eta emakumeetan, Elaia Gogenola-Arai Lejardi eta Erika Mugartegi-Frida Watkins. Gaur, astelehena, egin dute jaialdi horren aurkezpena Izarraitz frontoian, eta Mikel Odriozola Festa batzordeburuak, Iñaki Osa Eraman! Jai Alai enpresako kirol zuzendariak eta puntistek parte hartu dute ekitaldian.

Antolatzaileek esan dute zesta-puntarentzat "oso pozgarria" dela Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatzea. "Urtebete igaro da iazko itzulera arrakastatsutik. Azpeitikoa zesta-puntarako pilotaleku arrunta da; 54 metro luze ditu eta ezin egokiagoa da. Harmailak nahiz publikoa, berriz, primerakoak dira; hala egiaztatu genuen iazko saninazioetan eta aurtengo sansebastianetan. Hirugarren jaialdi profesional honekin urtebeteko zikloa beteko dugu Azpeitian", azaldu dute.

Lau bikote txapeldun izango dira kantxan lehian. Gizonetan, Markina-Xemeingo (Bizkaia) txapela irabazi berri duten Erkiaga eta Atain arituko dira batetik, eta bestetik, Mungiakoan (Bizkaia) nagusitu diren Goixerri eta Lekerika. Partida "irekia" espero dute antolatzaileek. Aritz Erkiagak hiru aldiz irabazi du Eusko Label Winter Seriesa, eta bost bider buruz burukoa. Aurrelari horrek Gorka Mugartegi Atain 22 urteko pilotari markinarra izango du bikotekide. Beste bikotean arituko den Unai Lekerika gernikarrak (Bizkaia), bestalde, denboraldi honetan lau txapel eskuratu ditu, horietako bat Ekaitz Mendizabal Goixerri mutrikuarrarekin (Gipuzkoa). Urtean zehar Miamin jokatzen du aurrelari horrek, baina Mungian eskuratu du Jai Alai Leagueko bere lehen txapela. 

Emakumeetan ere "maila oso altuko neurketa" jokatuko dute Izarraizko kantxan. Gogenola-Lejardi puntistek osatuko dute bikote bat, eta Mugartegi-Watkins puntistek bestea. Gogenola berriatuarra (Bizkaia) "oso bolada onean" aurkitzen dela esan dute antolatzaileek; horren adibide dira Mutrikun eta Markina-Xemeinen irabazi berri dituen azken bi txapelak. Azken hori Lejardirekin batera arituko da kantxan, eta bikote oso gogorra osatuko dute. Aurrean, ordea, Euskotren Winter Series txapelketa irabazi duen bikotea izango dute: Mugartegi markinarrak eta Watkins zumaiarrak osatutakoa. 

Jaialdiko sarrerak Eraman! Jai Alai enpresaren webgunean eskuratu daitezke, 10 euroren truke. Dena den, datorren zapatuan Izarraitz frontoiko leihatilan ere salduko dituzte sarrerak, prezio horretan.

Esku pilota ere bai

Zesta-puntako partidak jokatu baino lehen, San Inazio egunez, esku pilotako pilotari profesionalen partidak izango dira Izarraitz pilotalekuan (21:15). Udako txapelketatik kanpoko jaialdia izango da Azpeitikoa, baina binakako bi pilota partidaz gozatzeko aukera izango dute herriko pilotazaleek. Eguneko lehen partidan, azpeitiarren arteko dema izango da aurreko koadroetan: Julen Egiguren Egiguren V.a eta Unai Alberdi Alberdi II.a ariko dira nor baino nor gehiago. Bi pilotariek Jon Oteiza Kirol batzordeburuarekin batera egin dute partidaren aurkezpena. 

Egiguren Ruben Salaverri Salaverri II.a-k lagunduta arituko da; Alberdi, berriz, hasiera batean Ekain Lizeagarekin zen jokatzekoa, baina azken orduko aldaketa bat tarteko, Aitor Arangurenekin osatuko du hark bikotea. Bigarren partidan, bestalde, punta-puntako pilotariak arituko dira lehian. Unai Lasok eta Martxel Iztuetak osatuko dute bikote bat, eta Javier Zabalak eta Jose Javier Zabaletak bestea.

25 eurotik aurrera eskuratu daitezke binakako bi partida horiek bertatik bertara ikusteko sarrerak. Hain justu, 25 euro balio dute palkoetako sarrerek, goiko solairukoek, eta 30 euro, kantxakoek. Entradas Fronton atarian eskuratu daitezke sarrerak aldez aurretik, baina egunean bertan ere aterako dituzte salmentara frontoiko leihatilan. 

Alberdi, Oteiza eta Egiguren, Izarraitz frontoian. (Iraia Oteiza)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide