Erasoak, izan matxistak, izan beste edozein moldetakoak, eguneroko ogia dira gaur egungo gizartean, eta herrietako festak ere errealitate horren parte dira. Hori dela eta, festen aurretik zein festetako egitarauaren barruan, ezinbestekoa da erasoen kontrako kontzientzia lantzea eta jarrera izatea, eta gaur arratsalderako ildo horretako bi deialdi egin dituzte Haujijijai festa batzordeak eta Itaiak.
Aurreneko hitzordua 18:00etan jarri dute, plazan. San Inazio egunerako Eraso ororen aurka! lelopean kalejira antolatu dute aurten lehendabiziko aldiz, eta gaur arratsaldean, hala nahi dutenek, argazkia aterako dute plazan, herritarrei kalejiran parte hartzeko dei eginez. Kalejira bera San Inazio egunean izango da, 13:00etan, plazatik abiatuta.
Gaur arratsaldeko bigarren hitzordua, berriz, 19:00etan jarri dute, Azoka Plazako lehen solairuko aretoan. Festen atarian urtero egin ohi duten bezala, indarkeria matxistaren kontrako protokoloa aurkeztuko dute Itaiako kideek. Komenigarria da txosnagunean txandaren bat egin behar duten guztiak bertaratzea aurkezpen horretara, erasoen aurrean nola jokatu jakiteko irizpideak emango dituztelako, eta garrantzitsua delako denek garbi izatea irizpide horiek.