Aurten ere saninazioekin batera dator Front Oi! Txiki Fest

Aitziber Arzallus 2026ko uztailaren 28a

Dozenaka lagun Front Oi! Txiki Fest hasteko zain, iazko uztailaren 30ean. (Aitziber Arzallus)

Festetako lehenengo egunean, hilaren 30ean, izango da jaialdia, Frontoi Txikiaren alboan. 18:00etan hasita, Inguma, Aurrez Aurre, Verrater eta Jipoituak taldeek joko dute.

Ez lehen eta ez orain, Front Oi! Txiki Fest jaialdiak sekula ez du tokirik izan saninazioetako egitarauaren barruan, baina, hala ere, festetako ekitaldirik maiteenetakoa dute batzuek, huts egin ezin duten hitzorduetako bat. Bada, zorionekoak horiek, aurten ere izango dutelako Frontoi Txikiaren alboan zuzeneko musikaz gozatzeko aukera. Hilaren 30ean izango da hori, ostegunean, 18:00etatik aurrera.

Gure kaleak, zuen hilobi lelopean antolatu dute aurtengo edizioa, eta lau taldek joko dute: Inguma (Oñati), Aurrez Aurre (Beasain), Verrater (Azpeitia) eta Jipoituak (Azpeitia) taldeek, hain zuzen. "Oñatiko [Gipuzkoa] Inguma taldekoak berez iaz ziren etortzekoak, baina azkenean ezin izan zuten, eta aurten aukera ematea erabaki dugu", azaldu du antolakuntza lanetan dabilen Denis Aizpuruk. Izan ere, haren esanetan, taldeek gustura hartzen dute Front Oi! Txiki Festen parte hartzeko proposamena. "Giro horretako taldeentzat eta herritarrentzat hitzordu berezia da Azpeitikoa, jendeak maitea du, eta egun oso polita izaten da".  

Urte batzuetako etenaldiaren ostean, iaz berrekin zioten Front Oi! Txiki Fest antolatzeari, eta Aizpuruk adierazi du "jaialdiak urtez urte segida izatea eta jendeak etortzeko ohitura hartzea" dela nahi dutena. Horregatik, urtean behingo hitzordua izan arren, jaialdiari nolabaiteko ikusgarritasuna emateko lanean ari direla esan du. "Esate baterako, duela egun batzuk irudi bat margotu genuen Frontoi Txikiaren inguruko horma batean, jaialdia egiten den lekuan, eta Instagrameko kontua ere sortu berri dugu". 

Lau bat lagunek jardun dute aurtengoa prestatzen, nahiz eta jaialdiaren egunean jende gehiagoren laguntza ere izango duten. Dena muntatu, bukatzean jaso, barran txandak egin... izango baita zereginik. Ateratzen duten dirua zertara bideratuko duten oraindik ez dutela erabaki azaldu du Aizpuruk. "Joan den urtean Errepresioaren Kontrako Plataformara bideratu genuen dirua, momentu hartan behar hori zegoela ikusi genuelako. Aurtengoarekin zer egin ez dugu erabaki, baina, ziur asko, errepresioren ondorioak ordaintzeko erabili beharko dugu, epaiketak direla, isunak direla...".  

Frontoi Txikiaren alboko horma batean duela egun batzuk margotu zuten irudia. (Aitziber Arzallus)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide