Herenegun, "herriko festak hasterako" Ezkuztako zubia irekiko zutela jakinarazi zuten aldundiko arduradunek. Eta, oso mugan ere, baina bete dute hitza: gaur 11:30 aldean, saninazioen txupinazorako ordu erdi eskas falta zela, kendu dituzte bidetik semaforoak eta zubia erdibitzeko konoak, eta bi noranzkoetan trabarik gabe igaro daitezke dagoeneko ibilgailuak.
Sei hilabete pasa iraun dute GI-631 errepideko Urola ibaiaren gaineko zubi hori birgaitzeko lanak, baina guztiz bukatu aurretik ireki dute, hala ere. Izan ere, zubia festen aurretik irekiko zutela jakinaraztearekin bat aurreratu zuen aldundiak abuztuan beste astebetez semaforoa jarriko dutela berriro, "lan bat edo beste" egiteko gelditu zaizkielako. Hala ere, momentuz, ez dute zehaztu noiz erdi-itxiko duten berriz zubia.