Urtearen hasieran, urtarrilaren erdian, hasi zituzten GI-631 errepideko saihesbidean, Zestoatik Azpeitia sarreran, Urola ibaiaren gaineko zubia birgaitzeko lanak. Egun hauetan azken erremateak egiten ari dira zubiko obretan ari diren langileak, eta "herriko festak hasterako" –ostegunean, 12:00etan da saninazioetako txupinazoa– bukatuko dituzte Ezkuztako zubiko lanak, eta bi norabidetako trafikoa irekiko dute. Izan ere, zubiko lanak hasi zituztenetik, semaforo bidez zuzenduta dago trafikoa, txandaka pasoa emanez.
Dena den, Ezkuztako zubiko lanen ardura duen Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituretako departamentuak zehaztu duenez, zubian "lan bat edo beste" egiteko geldituko da, eta abuztuan egingo dituzte lan horiek: "Zubiaren juntak egiteko geldituko dira, eta lan horiek bukatzeko abuztuan astebetez semaforo bidez zuzenduko da trafikoa, ibilgailuei txandaka pasoa emanez".
Zubiko lanak egiteko, zubipetik igarotzen den Urolako bidegorriaren zatia itxi egin zuten, baina dagoeneko zabalik eta erabilgarri dago. Uztailaren 17an ireki zuten bidegorria, eta egun hauetan bidegorriaren ondoko belarrak mozten eta txukuntzen ari dira. Bidegorriaz gainera, Ezkuztako txakurrentzako parkea ere ez da erabilgarri izan zubiko lanak tarteko. Gune hori ere txukundu dute eta jolaserako moduan utzi dute lau hankakoentzat.
Foru erakundeak 2024ko ekainean iragarri zuen Azpeitian bi zubi berritzea aurreikusten zuela agintaldi honetan, Ezkuztako zubia eta Loiolakoa, Gipuzkoako Pasoko Azpiegituren Jarduketen Plangintzaren barruan. Iazko abenduan, GI-631 errepideko Ezkuztako zubia birgaitzeko obrak hasteko prestaketak hasi zituztenean, sei bat hilabete aurreikusi zituzten lanak bukatzeko, baina luzatu egin dira azkenerako.
