San Inazio eguna da gaur, Azpeitiko jaietako egun handia, eta zaindariaren eguneko goizean ohikoak diren festetako ekitaldiak izan dira, diana, korporazioa, prozesioa eta meza.
Gaurko festa egunean kaleak esnatzen aurrenak Udal Musika Bandakoak, Arrasateko gaiteroak eta Izarraitz txistulari taldekoak izan dira. Ondoren, Bandakoak eta txistulari taldekoak udaletxe atarian gelditu dira, Sanagustinpean zain zituzten udal ordezkariekin batera parrokiara korporazioan joateko. Handik irten da San Inazio eguneko prozesioa 10:30ean, Fernando Prado Donostiako gotzainak, Jose Ignacio Eguzkitza Azpeitiko erretoreak, beste hainbat elizgizonek eta herritarrek lagunduta.
Ohi bezala, loiolatarrek eraman dituzte San Inazioren eta Ama Birjina Sortzez Garbiaren irudiak Alde Zaharrean egin duten prozesioan, eta kaleetan ibili ondoren parrokiara itzuli, eta San Inazio eguneko meza nagusia ospatu dute han 11:00etan hasita, Parrokiako koruaren eta Julian Barrenetxea abesbatzaren parte hartzearekin, eta Ignacio Arakistain organo jotzen zela.
Egitaraua
Goiz partea osatzeko, bigantxekin eguneko lehen hitzordua izango dute zezenzaleek Done Jakuen 12:30ean, ordu berean Gauerdi txaranga kalez kale ibiliko da, eta 13:00etan San Inazio eguneko kontzertua eskainiko du Udal Musika Bandak Sanagustinen eta Haujijijaik deituta, Eraso ororen aurka! lelopean kalejira egingo dute plazatik hasita.
Bazkaritan indarrak berreskuratuta, arratsaldea eta gaua luzeak eta ekitaldiz betetakoak izango dituzte gaur ere festazaleek. Hona hemen, San Inazio egunaren egitarauak aurretik dakarrena:
- 12:30. Gauerdi txaranga, kalerik kale.
- 12:30. San Inazio egunean toreatuko dituzten Murteira Grave ganadutegiko zezenen aukeraketa, zezen plazan.
- 12:30. Entzierro txikia Lopene ganadutegiko zezenekin, Done Jakue kalean.
- 13:00. Azpeitiko Udal Musika Bandaren kontzertua, Sanagustin kulturgunean.
- 13:00. Kalejira, Eraso ororen aurka! lelopean, Haujijijaik deituta.
- 17:00. Holi hauts festa, Matxinada plazan.
- 17:30. Lopene ganadutegiko zezen txikiak, Done Jakue kalean.
- 17:30. Zezenketen kontrako elkarretaratzea, zezen plazaren aurrean.
- 18:30. Alurr dantza taldearen Hamaikua ikuskizuna, herriko plazan.
- 18:30. San Inazio eguneko zezenketa, zezen plazan.
- Toreatzaileak: Emilio de Justo, Borja Jimenez eta Victor Hernandez.
- 19:00. Oria txaranga, Landeta auzotik herriko plazara.
- 19:00. Poteo musikatua Burrumbaren eskutik, Alde Zaharrean.
- 20:00. Etxera jantokia, Azoka Plazan.
- 20:30. Parrillada, herriko plazan.
- 21:30. Eskuzko pilota partida profesionalak, Izarraitz pilotalekuan:
- 1. partida: Egiguren V.a-Salaberri II.a eta Alberdi II.a-Aranguren
- 2. partida: Zabala-Zabaleta eta Laso-Iztueta
- 22:00. Leihotikan taldearen kontzertua, Txosnagunean.
- 23:00. Su festa, Pirotecnia Pabloren eskutik, Izarraizko Atean.
- 23:30. Neomak taldearen kontzertua, herriko plazan.
- 00:30. Streetwise taldearen kontzertua, Txosnagunean.
- 02:30. Kontzertua, Txosnagunean.