San Inazio eguna izan zen atzo, egun handia Azpeitian. Egunean zehar aitzakia ugari izan zen festarako herrian, baina baita gauean ere. Batetik, Izarraitz pilotalekuan goi mailako pilotarien eskuzko partidak izan ziren, eta bestetik, plazan nahiz Txosnagunean, kontzertuak.
Jendetza bildu zen herriko frontoian, eskuz binakako partidak ikusteko. Lehen partidan, bi herrikide aritu ziren nor baino nor gehiago, eta bikote urdina nagusitu zen Julen Egiguren Egiguren V.a, gorriz, Ruben Salaverri Salaverri II.a-k lagunduta aritu zen, eta Unai Alberdi Alberdi II.a, urdinez, Aitor Arangurenekin; Alberdi eta Aranguren 22-10 nagusitu ziren. Aurrelari azpeitiarra nabarmendu zen guztien gainetik, tantoak amaitzeko egundoko erraztasuna aurkitu zuen eta. Bigarren partidan, berriz, kolore gorriz jantzitako bikoteak irabazi zuen; Unai Lasok eta Martxel Iztuetak 22-12 menderatu zituzten Javier Zabala eta Jose Javier Zabaleta.
Plazan eta txosnagunean, berriz, jendetza batu zen kontzertuak ikusteko. Plazako oholtzan Neomak taldeak eskaini zuen kontzertua, eta zahar, heldu, nahiz gazte elkartu zen haien ahotsak eta pandero hotsak entzuteko. Txosnagunean, berriz, Leihotikan eta Streetwise talden emanaldiak izan ziren, besteak beste, eta han ere gazte pila bat batu zen.