Amaitu dira aurtengo saninazioak, eta Azpeitiko Udalak kaleratu du balorazio oharra: erakundea "pozik" agertu da festek emandakoarekin. Kalean izan den giro ona, parte hartze handia eta aurreikusitako ekitaldi guztiak normaltasunez egin izana nabarmendu ditu, halaber. Horrez gain, jaien hasieratik bukaerara herritarrek festarako gogoari eutsi diotela esan du Mikel Odriozola Festa batzordeburuak: "Udaletxeko balkoia herriko festa batzordeetako ordezkariz beteta zela, txupinazoko momentuan sekula baino gehiago transmititu zen festarako gogoa". Goizetik gauera, kalean izan den giroa azpimarratu du hark. "Sumatu dugunaren arabera, jendea umoretsu ibili da, alai, festaz gozatzeko gogoarekin".
Egitarauari erreparatuta, azken orduko gorabehera aipagarririk ez dela izan esan du zinegotziak. "Ekitaldi guztiak aurrera eramatea lortu dugu", adierazi du. Parte hartzeari dagokionez, egitarauko jarduera guztiek erantzun ona izan dutela jakinarazi du Odriozolak: dantza eta musika ikuskizunek, pilota eta zesta punta partidek, Haujijaik antolatutako bakailao txapelketak... "Eta bereziki jendetsuak izan dira kontzertuak eta zezen txikiak". Saninazioetako egunak ez ezik, Santio eguna nahiz Umeen eguna ere oso ondo joan zirela adierazi du.
Esker oneko hitzak
Saninazioak aurrera ateratzeko lanean aritu diren herriko eragileei, taldeei nahiz norbanakoei eskerrak eman dizkie udalak. "Saninazioak aurkeztu genituenean ateratako argazkian ikusi zen bezala, elkarlan handi baten emaitza izaten dira festak", adierazi du Odriozolak. Era berean, festa egunetan lanean jardun duten udal beharginen lana ere goraipatu du zinegotziak, eta eskerrak eman dizkie haiei. "Udal brigadako langileek, kaleen eta eraikinen garbitzaileek, udaltzainek, udal teknikariek eta gainerako langileek lan handia egiten dute, askotan ikusten ez dena, herritarrek saninazioez baldintzarik onenetan goza dezaten".
Udalak, bestalde, jaietan martxan izan duen Danok eo iñorrez, danona da festie danona da ardurie sentsibilizazio kanpaina ekarri du gogora, baita jaietan jarri duen indarkeria matxistarik gabeko gunea ere. Udalak esan du oraindik ere gertatzen direla jokabide matxistak eta LGTBIfobikoak jaietan, eta horregatik parekidetasunean oinarritutako jai eredua sustatzen jarraitzeko beharra dagoela adierazi du, "ukituak, begiradak, jarraipenak eta bestelako indarkeria adierazpen oro desagerrarazi arte”.