Badalona Women taldean ariko zara datorren denboraldian. Ekiteko gogoz al zaude?
Bai. Egia esan, gogo handiz nago. Entrenatzen hasi gara dagoeneko, lehen minutuak ere jokatu ditugu lagunarteko partidetan, eta denboraldi berria hasteko gogotsu nago.
Realarekin zenuen kontratua etenda iritsi zara Bartzelonako taldera. Zer gertatu da?
Pena ematen du hainbeste urte eta gero taldea uzteak, baina beno, horretarako unea zela uste dut. Zelaian minutu gehiago izan eta nire buruarekiko konfiantza berreskuratu nahi dut. Horregatik hartu dut bide berria, ilusio handiz gainera.
Emakumeen lehen mailan jarraituko duzu, aurretik Realarekin egindako bidea urratzen. Zer helburu dituzu iristear den denboraldira begira?
Disfrutatzea da lehen helburua; egunerokoan gozatzea, taldekideekin, entrenamenduetan eta abar. Horrez gain, nire buruarekiko konfiantza izatea lortu nahi dut, eta denboraldi polita egitea; golak sartzea, asistentziak ematea...
Eskarmentua baduzu lehen mailan. Taldez aldatuta, nola ikusten duzu liga?
Liga aurrerapausoak ari da ematen. Prozesu guztietan bezala, pixkanaka joan behar dute gauzek hobetzen. Gorengo mailara iritsi nintzenetik gauza asko hobetu direla ikusi dut, nahiz eta egoera askoz hobea izatea nahiko nukeen. Hala ere, nabarmena da talde askok baliabide gehiago dituztela, azpiegiturak hobetu dituztela –lehen mailako partidak belar naturaldun zelaietan jokatu behar dira orain–. Dena den, lan handia dago oraindik egiteko.
Badalonara iritsita, taldean zerekin egin duzu topo?
Lehen asteetan gustura ari naiz sentitzen. Sekula ez nuen horrelako bizipenik izan, eta beldur puntu bat banuen; izan ere, dena zen berria. Lehen minututik, baina, oso gertu izan dut jendea, eta oso eroso sentitu naiz. Talde berrian jende jatorrarekin egin dut topo.
Lehendik ba al zenuen taldearen berri?
Bai, zoritxarrez ondo ezagutzen nuen taldea [barrez]. Izan ere, aurreko denboraldian Badalonak kanporatu gintuen Erreginaren Kopatik. Ligan ere hainbatetan jokatu genuen Badalonaren kontra, eta banekien zer-nolako taldea zen.
Hasi zarete dagoeneko denboraldia prestatzen. Zer moduz?
Bizpahiru aste badira prestaketei ekin geniela. Lehen partida joan zen asteburuan jokatu genuen, [Frantziako] Montpellier taldearen aurka, eta 1 eta 2 galdu bagenuen ere, ondo jokatu genuelakoan nago. Galdu egin genuen, baina izan genituen gol aukerak. Dena den, asko dugu oraindik hobetzeko. Beste hainbat partida jokatuko ditugu asteotan, eta pixkanaka joango gara prestatzen.
Zer helburu ditu taldeak 2026-27 denboraldirako?
Helburuak jartzea garrantzitsua da, baina xedera nola iritsi pentsatzea ere bai. Horregatik, helburuak lortzeko beharrezkoa da egunero lana egitea, bai entrenamenduetan egiten dena, bai horietatik kanpo gauzatzen dena. Entrenamendu saioetan %100 eman behar dugu, pixkanaka hobetu, eta horiek dira helburuak lortzeko ditugun egiteko garrantzitsuenak.
Alderik nabaritu al duzu Realarekin eta Badalonaren artean?
Antzekotasun asko dituzte jokoari dagokionez. Realari baloia edukitzea gustatzen zaio, eta Badalonari ere bai; protagonismoa lortu nahi izaten dute baloia edukiz.
Etxetik urrunxeago biziko zara. Zer moduz egokitzapena?
Egiten ari den beroa kenduta, nahikoa ondo. Taldekideak asko ari zaizkit bizileku berrira egokitzeko laguntzen, eta ingurua ezagutzeko gogoarekin nago.
Realarekin egindako urteez zer balorazio egiten duzu?
Oso gustura jardun dut, eta balorazio ona egingo nuke. 15 urterekin iritsi nintzen Realera, ume bat nintzela, eta 23 urterekin utzi dut taldea. Asko ikasi dut bidean. Realari eskerrak eman behar dizkiot aukera emateagatik eta nigan konfiantzeagatik. Une oso politak bizitzeko eta disfrutatzeko aukera izan dut, baita momentu txarrak pasatu ere, baina horietatik ere asko ikasten da. Realari ez ezik, esker ona adierazi nahi diet taldekideei nahiz Zubietako langileei.
Hiru azpeitiar joan zineten Lagun Onaketik Realera –Haizea Uranga, Elene Viles eta zu–, baina orain inork ez du segitzen talde txuri-urdinean. Bakoitza bere bidea egiten ari bada ere, harremana izaten segitzen al duzue?
Bai, badugu harremana; tarteka hitz egiten dugu elkarrekin. Urte askoan izan ditut ondoan, elkarrekin jokatu dugu, eta harremana izaten segituko dugulakoan nago. Onena opa diet.