Hilketa bat izan zen atzo, asteartea, Azpeitian. Gizon bat tiroz hil zuen beste pertsona batek, eta gero, ihes egin zuen. Bestelako zurrumurruak zabaldu badira ere, Ertzaintzak Gukari jakinarazi dioenez ordu honetan (asteazkena, 07:50) hiltzailearen bila jarraitzen du poliziak. Gainera, ikerketa zabalik dutela nabarmendu dute, eta hiltzailea bilatzeko kontrolak areagotu dituztela.
Artzubia hiribidean, Garmendipe futbol zelaiaren eta zezen plazaren arteko biribilgunean, jazo zen hilketa atzo, 20:15 inguruan. Hiltzailearen autoak hildako pertsonaren autoa jo zuen atzetik aurrena, eta hura autotik ateratzean, tiroz hil zuen. Gero, ihes egin zuen hiltzaileak. Larrialdi zerbitzuak erasotutako pertsona suspertzen saiatu baziren ere, hil egin zen.
Udala, zuhurtzia eske
Atzoko gertakariaren harira, Azpeitiko Udalak oharra kaleratu du gaur goizean, eta Nagore Alkorta alkateak "zuhurtziaz eta errespetuz" jokatzeko eskatu die herritarrei, ikerketak "bere bidea" egin dezan. "Udalak erabateko prestutasuna du ikerketa egiten ari diren erakundeekin elkarlanean aritzeko eta gertatutakoa argitzen laguntzeko", esan du herriko alkateak.
Era berean, Alkortak doluminak helarazi dizkie hildakoaren senideei eta gertukoei, eta gaineratu du erakundeak bere baliabide psikologikoak haien eskura jarriko dituela, "behar duten laguntza" izan dezaten.