Bere burua entregatu du Azpeitiko hilketaren ustezko egileak

Ihintza Elustondo

Ertzaintzak Azpeitian hilketari lotuta hainbat miaketa egin ditu egunotan. (Urtzi Oteiza)

05:30 aldera, Ondarroako (Bizkaia) ertzain etxean entregatu da orain arte bila aritu diren pertsona, eta atxilotu egin dute, hilketa delitua egotzita. 43 urteko azpeitiarra da atxilotutako pertsona. Azpeitiko Udalak "zuhurtziaz eta errespetuz" jokatzeko deia berretsi du.

Gizon batek beste bat tiroz hil zuen asteartean Azpeitian, eta ordutik, hiltzailearen bila aritu da Ertzaintza. Iturri horrek ohar bidez jakinarazi duenez, gaur 05:30 aldera, Ondarroako (Bizkaia) ertzain etxean entregatu du bere burua orain arte bila aritu diren pertsonak, eta aldean zeraman suzko arma labur bat atzeman diote. Ondoren, atxilotu egin dute, su armaz egindako hilketa delitua egotzita. 43 urteko azpeitiarra da atxilotutako pertsona. 

Joan den asteartean, irailak 1, 20:15 aldera, Azpeitiko Artzubia etorbidean gizon batek suzko arma batekin tiro egin zion beste bati, eta hil egin zen 31 urteko herritarra. Ertzaintza egilearen bila hasi zen orduan, eta 23:25 aldera, susmagarriak erabilitako ibilgailua aurkitu zuten Azpeitian bertan. Ibilgailu hori eta biktimarena Ertzaintzaren Polizia Zientifikoaren egoitzara eraman zituzten, ikuskapenak egiteko. Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuak bere gain hartu zuen gertakarien egilea identifikatzeko eta atxilotzeko ikerketa.

Egunotan, Azpeitiko eta inguruko herrietako hainbat tokitan miaketak egin dituzte, eta ustezko egileak, 43 urteko azpeitiarrak, bere burua entregatu du gaur. Atxilotutako pertsona aurrez osasun publikoaren aurkako delituengatik hiru aldiz atxilotu izan dute, eta ertzain etxeko izapideak amaitu ostean, epailearen esku utziko dute. 

Errespetua eskatu du udalak

Ustezko hiltzailea atxilotu ostean, "zuhurtziaz eta errespetuz" jokatzeko deia berretsi du Azpeitiko Udalak. "Hasieratik egin duen bezala, udalak zuhurtziaz jokatzeko eskatu nahi du, batez ere hildakoaren senideenganako eta inplikatutako pertsona guztienganako errespetuz", esan du Nagore Alkorta alkateak.

Udalak adierazi du bere baliabide guztiak jarri dituela senideen eskura, "behar duten laguntza eta babesa izan ditzaten". Era berean, Udaltzaingoaren bidez, lankidetzan dihardu ikerketa egiten ari diren erakundeekin, gertatutakoa argitzen laguntzeko.

Udalak nabarmendu du azken egun hauek nahasiak eta zailak izan direla Azpeitian. "Espero dugu, hemendik aurrera, lasaitasuna eta normaltasuna itzultzea pixkanaka gure herrira", adierazi du Alkortak. Bide horretan, alkateak gogoratu du gertatutakoaren ondorioz laguntza behar duen herritar ororen esku daudela udal baliabideak. Doako laguntza psikologikoa edo bestelako babesa behar izanez gero, udaleko Gizarte Zerbitzuetara jo dezakete herritarrek (943 15 71 92).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide