Eraberritu berri duten Ezkuztako zubian errei bat itxi egingo dute bihar, irailak 10. Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak zubian lan batzuk egiteko itxiko du erreietako bat, eta zirkulazioa txandaka bideratuko dute egun batean edota bitan.
Ezkuztako zubia egonkortzeko lanak bukatuta, trafikoa txandaka zuzentzeko jarritako semaforoa abuztuaren erdian kendu zuten. Ordutik, ibilgailuek bi noranzkoetan trabarik gabe igaro dute zubia. Joan den uztailaren 30ean bukatu zituzten zubia erabat eraberritzeko lanak behin-behinean, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak orduan aurreratu zuen lan batzuk egiteke geratu zitzaizkiela. Sei hilabetetik gora jardun dute GI-631 errepideko Urola ibaiaren gaineko zubia birgaitzeko lanetan.