Gaur jakinarazi dute Azpeitiko 44. Euskal Antzerki Topaketak iragarriko dituen kartela zein izango den. Hain zuzen ere, Leire Derteano oñatiarrak egindako lana izan da kartel lehiaketaren irabazlea; Derteanok hirugarren aldiz irabazi du topaketetako kartel lehiaketa.
Hogei lan aurkeztu dituzte aurtengo topaketetako kartel lehiaketara, eta horiek erakusgai izan ziren ekainaren 8tik 14ra Betharrametako erakusketa aretoan. Erakusketa bisitatu zuten herritarrek beren iritzia emateko aukera izan zuten, eta ostean, epaimahaiak hartu du erabakia. Azpeitiko Udaleko orddezkariek, Arte eta Diseinu Eskolakoek, Kulturaz kooperatibakoek eta UKTko kideek osatu dute kartel lehiaketaren epaimahaia.
Urriaren 30etik azaroaren 22ra bitartean izango dira aurtengo antzerki topaketak, eta egitaraua urriaren 9an aurkeztuko dute, baita topaketetako emanaldietarako sarrerak saltzen jarri ere. Aurkezpena egin eta hurrengo egunean, urriaren 10ean, topaketetarako girotzeko Mikra antzezlanaz gozatzeko aukera izango da, 12:00etan, Done Jakue kalean.