¿Aqui vive Jose Orbegozo? Jose Orbegozo hemen bizi al da? Zenbat bizimodu izan ditzake izen bakar batek? dokumentala egiteko Jose Luis Orbegozo zinemagile eta produktore kolonbiarraren proiektura batu da Ospel Films, Xanti Rodriguezen ekoiztetxea. "Jose Luis Orbegozorekin elkartu ginen dokumentalaren proiektuaz hitz egiteko, Euskal Herriarekin eta Azpeitia inguruarekin lotutako proiektu bat izanda, hemengo ekoiztetxe bat tartean egotea ondo dator, hari muturrak lotzen laguntzeko. Horrez gainera, animaziozko zati handi bat dauka dokumentalak, eta animazio teknologian adituak gara Ospel Filmsekoak", azaldu du elkarlanaren jatorria Rodriguezek.
Proiektuak aurrera egin dezan bidea egiten hasi dira, eta dokumentalaren proiektua Ikusmira Berriak programara aurkeztu dute. Datorren astean, berriz, Ospel Filmsek, esku artean dituen beste egitasmo batzuekin batera, Donostiako Zinemaldiko Industriako koprodukzio foroetan aurkeztuko du.
Ikus-entzunezko proiektuak garatzeko programa da Ikusmira Berriak, eta Donostiako Zinemaldiak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Elias Querejeta Zine Eskolak (EQZE) antolatzen dute. "Aurtengo deialdira aurkeztu dugu ¿Aqui vive Jose Orbegozo? Jose Orbegozo hemen bizi al da? Zenbat bizimodu izan ditzake izen bakar batek? dokumentalaren proiektua. Ikusmira Berriaken hautatua izanez gero, Tabakaleran bi asteko sormen egonaldia egiteko aukera izaten da. Jose Orbegozoren inguruko proiektua hezurretan dago, eta oinez hastea falta zaio, eta horrelako programak egoki datozkio", azaldu du zinemagile azpeitiarrak.
Azpeitiko Elosiagako Altzaga baserrira etorri zen orain dela zortzi urte Jose Luis Orbegozo zinemagile eta produktore kolonbiarra, aitonaren arbasoen arrastoei segika, eta Jose Orbegozo hemen bizi al da? dokumentalaren proiektuak bisita horretan du jatorria.