Abian da udazkeneko stock azoka

Aitziber Arzallus

Gaur 20:00ak bitartean eta bihar egun guztian, Azoka Plazan zein saltokien atarietan, denboraldiz kanpoko produktuak modu onean eskainiko dituzte 37 saltokik. Herritarrak dagoeneko hasi dira aurreneko erosketak egiten.

Martxan da Bertan merkatarien elkarteak antolatutako udazkeneko Stock Azoka. Gaur 16:00etatik 20:00etara bitartean eta bihar goiz eta arratsaldez –10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara–, denboraldiz kanpoko produktuak ohi baino merkeago eskainiko dituzte herriko 37 saltokik, eta herritarrek aukera baliatzeko asmoa dutela dirudi, dagoeneko bat baino gehiago ikus baitaitezke eskuak beteta. 37 merkatari horietatik bederatzik Azoka Plazan jarri dituzte postuak, eta gainontzekoek euren saltokien atarietan. 

Azokaren bueltan, bestelako jarduera batzuk ere antolatu ditu merkatarien elkarteak. Gaur, esaterako, azokan eginiko lehen erosketetan, Sanagustin eta Pastorkua tabernetan erabili ahal izango diren pintxoa doan baleak banatuko dituzte. Bihar, berriz, 12:00etan hasita, trikitilariak ibiliko dira kaleak alaitzen, eta, aldi berean, plazan, 3 eta 10 urte arteko haurrei zuzenduriko ingelesezko antzerkia eskainiko du Kids&Us akademiak; eta arratsaldean, 7:00etatik 19:00etara umeentzako tailerrak egongo dira Balentina Agirre plazan. 

Baserritarren postuak, plazan

Aldi berean, ostiraletan eta larunbatetan izan ohi diren bertako ekoizleen azokak mantendu egingo dituzte. Dendarien postuak tarteko, baina, plazan egongo dira ekoizleen postuak, eta ez Azoka Plazan. Gainera, bihar, egun osoz, Egurnika proiektuak erakusmahaia jarriko du plazan, eta Kriston Burrundaie musika festak kaleak herriko doinuz beteko ditu larunbat eguerditik aurrera.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide