Txisteratik Gala Nagusia, Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore pailazoen ikuskizuna eta 'El ser querido' filma Soreasuko asteburukoak

Nerea Uranga

El ser querido filma.

Astteburu bete-betea izango da Soreasu antzokian. Zapatuan, Txisteratik magia jaialdiko Gala Nagusia izango da. Igandean, berriz, 11:30ean haurrei zuzendutako Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore pailazoen Zerua lapurtu dute ikuskizunarekin gozatzeko aukera izango da. Igandean eta astelehenean izango dira zinema emanaldiak, El ser querido filma ikusteko aukerarekin.

Magia, pailazoen ikuskizuna eta zinema emanaldiak izango dira asteburuan Soreasu antzokian. Beraz, asteburua kultur edukiz bete-betea izango da, eta ekitaldi guztietarako sarrerak Kulturaz.eus webgunearen bidez eros daiteke. Zapatuan, 19:00etan, Txisteratik X. Gala Nagusia izango da Soreasuko agertokian. Andoni, Carlitos, Hector Mancha eta Iagomagoren trikimailuak ikusteaz gainera, Luis Olmedo magoa izango da gonbidatu berezia.

Igande eguerdian, berriz, 11:30ean hasita, haurrentzako hitzordu berezia izango da Porrotx, Marimotot, Pupu eta Lore pailazoen Zerua lapurtu dute ikuskizunarekin. Honela dio antzezlanaren sinopsiak: "Pailazoak arduratuta daude izarrik ikusten ez dutelako. Zer gertatu da zeruarekin? Lapurtu egin al digute? Birtxi farozainaren laguntzaz urdin infinitura abiatu dira izarren bila… unibertsoaren sekretuak ezagutzera, urrunera begiratuz barrura begiratzeko! Etorri nahi?".

Helduei zuzendutako zinema emanaldiak ere izango dira igandean eta astelehenean Soreasun. El ser querido (Espainia, 2026) Rodrigo Soroyenek zuzendutako filma emango dute igandean, 19:30ean eta astelehenean, 21:00etan. Honela dio filmaren sipnosiak: "Esteban Martínez (Javier Bardem) zinema zuzendari txalotua mito bat da, bai berak egindako filmengatik, bai indarkeriak eta gehiegikeriek markatutako iraganagatik ere. Bere proiektu berrian, Emilia (Victoria Luengo) alabari rol bat eskainiko dio, bere aktore ibilbidean laguntzeko aitzakiarekin. Elkarrekin lanean aritzeak urteetan partekatu ez duten hurbiltasuna eragingo die, baina zauri zaharrak ere agerian jarriko zaizkie".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide