Eñaut Elorrietak kontzertua emango du otsailaren 20an Azpeitian

Ihintza Elustondo

Eñaut Elorrieta musikaria. (Kulturaz)

Eñaut Elorrieta musikariak Festina Lente biraren barruan eskainiko du emanaldia, 22:00etan hasita, Sanagustin kulturgunean. Sarrerak salgai daude dagoeneko. 

Kulturaz kultur kooperatibak dagoeneko jakinarazi zituen urte amaierara bitarterako eta datorren urtearen hasierarako antolatu dituen zenbait kultur ekitaldi, baina beste musikari ezagun baten kontzertuaren berri eman du orain. Hain zuzen ere, otsailaren 20an –larunbata– Eñaut Elorrieta musikariak emanaldia eskainiko du Sanagustin kulturgunean, 22:00etan hasita. Ikuskizun horretara joan nahi dutenek gaurtik aurrera eskura ditzakete sarrerak, Kulturazen webgunean. 

30 urte dira Eñaut Elorrietak Ken Zazpirekin lehen abestia grabatu eta argitaratu zuenetik. Une hark ibilbide baten hasiera markatu zuen: Gernikako (Bizkaia) talde mitikoarekin abiatu zuen bidea Elorrietak, eta, urteen poderioz, bakarkako ibilbide sendo eta propioa eraikitzera igaro da. Urteurren hori zuzenekoekin ospatu nahi du artistak, zaleekin batera. Horregatik, Festina Lente izeneko biran, disko berriko abestiak aurkezteaz gain, bere ibilbide osoko kantu esanguratsuenetako batzuk ere eramango ditu agertokietara. Emanaldi horiek bere ibilbide osoa bildu eta etorkizunera proiektatuko dute. Azpeitian egingo du bira horretako geldialdietako bat Elorrietak. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide