Martxan daude ibilgailu elektrikoak kargatzeko Ekindarrek jarritako hartune ia denak

Mailo Oiarzabal

Ibilgailu bat, Soreasuko lur azpiko aparkalekuan kargatzen. (Ekindar)

Bi auto aldi berean kargatzeko hamar birkarga puntu instalatu ditu energia kooperatibak udalerriko beste horrenbeste tokitan; hogei ibilgailu aldi berean birkargatzeko aukera eskainiko dute, beraz. Horiek erabiltzeko aplikazio bat deskargatu beharko da.

Ekindar energia kooperatibak ibilgailu elektrikoei zerbitzua emateko udalerrian zehar jarri dituen birkarga puntu ia guztiak martxan daude dagoeneko. 2025eko udaberrian hasi zituen Ekindarrek azpiegitura horiek jartzeko lanak, "herrian mugikortasun jasangarria sustatzeko, eta Ekindarren energiaren eta ingurumenaren aldeko konpromisoarekin jarraituz". Azpiegitura bakoitzak bi hartune ditu, "bakoitza 22 kW-ko potentziarekin", eta, horrenbestez, aldi berean hogei ibilgailu kargatzeko ahalmena du guztira Ekindarren sareak.

Honako hamar tokietan daude Ekindarrek jarritako birkarga puntuak: kiroldegi ondoan, igerileku ondoan, Loiolako etorbidean, Loiolabideko kalistenia parkearen ondoan, Loiolako estazio zenaren inguruan, San Martin estratan, Euskal Herria auzoan, Urrestillako Kalebarrenean, eta Soreasuko eta Alberdieneko lur azpiko aparkalekuetan. Azken hori izan ezik –estaldura arazoak konpondu behar dituzte–, instalazio guztiak daude dagoeneko martxan, Ekindarrek jakinarazi duenez.

Aplikazio bidez eta Goienerrekin

Edozein herritarrek erabil ditzake Ekindarren birkarga puntuak, Zunder izeneko aplikazioa instalatuz gero. Goienerrekin kontratatu du Ekindarrek bere instalazioen energia, hain zuzen, "energia berriztagarriaren aldeko Ekindarren konpromisoarekin bat eginez". Kooperatibak emandako informazioaren arabera, une honetan, birkargaren prezioa kWh-eko 0,36 eurokoa da. Kooperatibaren bazkideei "laster" deskontuak eskaintzeko aukera martxan jartzeko lanean ari dela ere aurreratu du Ekindarrek.

Azpeitiko energia kooperatibaren ustez, ibilgailu elektrikoen erabilera erraztea eta herrian birkarga azpiegitura zabaltzea "urrats garrantzitsua da mugikortasun jasangarriago baterantz". Ekindarrek nabarmendu duenez, jarduera horrekin bere bazkideen eta herritarren "energia beharrak asetzeaz gain", ekarpena egin nahi du "trantsizio energetikoaren eta ingurumenarekiko konpromisoaren alde".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide