Atzo goiz partean herriko kaleetan magia eta trikimailuak barreiatu ondoren, Txisteratik egun magikoen jaialdia areto barrura sartu zen arratsalde partean. 17:00etan, Julen magoaren Xinestezina ikuskizuna izan zen Basazabal jauregian, aretoa jendez beteta zela.
Ondoren, eguneko emanaldi nagusiaren txanda izan zen Soreasu antzokian: gala nagusia. Txisteratik jaialdiaren hamargarren edizioa izanda, gala berezia prestatu nahi izan zutela adierazi zuen Iagomagok, galaren aurkezle lanak egitean. Era berean, gogoan izan zituen magia Azpeitian errealitate bihurtu zutenak, eta Txisteratik jaialdia sortu eta antolatzeko egindako lanagatik eskertu zituen Kepa Urbieta eta Ekain Urrestilla Xastre.
Behin egun magikoen sorrerak gogoratuta, magia txikia, handia eta umorea bildu zituen gala berezia hasi zen jendez betetako Soreasu antzokian. Andoni, Carlitos, Luis Olmedo eta Hector Mancha magoen ikuskizunekin gozatzeko aukera izan zuten Soreasun bildutako herritarrek. Beren trikimailuekin txalo zaparrada ederrak ere jaso zituzten magoek.
Galaren bukaeran, goizean egindako kaleko magia lehiaketako irabazleen sariak banatu zituzten. Txisteratik saria Manuel Pedrosa magoak irabazi zuen eta Legazpiko Jiji-jaja magia jaialdian parte hartzeko gonbidapenaren saria Aiara Mujika Elorza magoak.
Txisteratik egun magikoen barruan, gaur arratsaldean ere magiaz gozatzeko aukera izango da, 17:00etan, Basazabal jauregian. Maria Arandiak Kairos gertuko magia ikuskizuna eskainiko du.