Xanti Agirrezabala: "Aitzakiarik ez dago: euskarazko produktuak kontsumitzeko aukera handia dago"

Nerea Uranga

Xanti Agirrezabala aktorea. (Arnaitz Rubio Aprea)

Nerabetan hasi zen herriko antzerki eskolan, eta orain haurren, gazteen eta helduen antzerki irakaslea da. Ez hori bakarrik; besteak beste, Satiro, Renata eta Kaka lanen emanaldiak eskaintzen ari da, Irabazi Arte telesailean aktore zuzendari lanetan jardun du, bikoizketa lanak egin ditu eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea da. Esku bete lan ditu, eta Erika Olaizolarekin proiektu berriak egosten ari da. Urriko Azpeitia Guka aldizkariko elkarrizketa da hau.

Nahi duen lan hori egiteko ekinez ari da bidea egiten Xanti Agirrezabala (Azpeitia, 1997) antzerkian, ikus-entzunekoetan nahiz irakaskuntzan. Esku bete lanekin dabil, eta etor dakiokenari ez dio beldurrik, lanbideak orain arte eman adina eskaintzen baldin badio, etorkizuna "liluragarria" izango dela aurreikusten duelako. Hamaika saltsatan dabil lanean, ibilian-ibilian bidea urratzen eta esparru berrietan murgiltzeko ikararik gabe. Kuadrillatik, familiatik eta ingurutik edan du, herrigintzan eta herri antzerkian hezi eta hazi da.

Haurra zinela musikan, dantzan ibili zinen… Antzerkirako edota arte eszenikoetarako grina noiz sortu zitzaizun?

Antzerkirako grina beti izan dut, baina beranduena ere antzerkiari ekin nion. Txikitan musika, dantza, arte plastikoak landu nituen, eta antzerkian 15 bat urterekin-edo hasi nintzen, Alaitz Olaizola irakasle nuela. Aurretik saiatu nintzen antzerki eskolan sartzen, baina lekurik ez zegoelako kanpoan gelditu nintzen.


Xanti Agirrezabala. (Arnaitz Rubio Aprea)

Antzerki eskolan egin zenituen lehen pausoak, eta orain irakasle aritzen zara. Zer eskaintzen du gaztetxotan antzerkia ikasteak?

Alaitz Olaizolarekin batera, antzerki eskolaren gidari aritzen naiz Dinamoa sormen gunean. Hezkuntza araututik kanpo eskaintzen da antzerki tailerra, eta hezkuntza arautuan arteak, sormenak duen hutsunea betetzen du pixka bat. Jolasteko, esperimentatzeko, taldea egiteko... lekua eskaintzen da. Azken finean, beste arte pila bat barnebiltzen dituen jardun kolektiboa da antzerkia, eta bizitzarako erreminta batzuk eskaintzen ditu. Antzerki eskolan ez gara aritzen interpretatzen bakarrik: testua lantzen dugu, jantziak eta dekoratuak prestatzen ditugu... Gainera, tailerraren bukaeran emanaldi bat egitea eskaintzen zaie partaideei, sorkuntzatik produkziorako bidea egiteko. Edozein gazterentzat lagungarria izan daitekeen esperientzia olatua eskaintzen du antzerki eskolak; batzuei komunikaziorako, hitz egiteko edo jendaurrean aritzeko baliagarri izango zaie, eta beste batzuei balioko die taldean aritzeko, talde lanean ibiltzen ikasteko edota norberaren egoak kontrolatzen trebatzeko.

Antzerkiko lehen taldea, antzerki eskolako lagunekin sortu zenuen: Txantxalgara pailazo taldea. Nolako esperientzia izan zen hura?

Ignacio Azkue, Ignacio Arakistain, Mireia Galarza, Ekain Ibarguren eta bostok sortu genuen talde hura. Dena geuk egiten genuen; hortik gatoz gu. Askotan, atzera begiratu eta horretaz akordatu behar izaten dut: titiritero izatetik gatozela, furgonetak kargatzetik, gurasoei autoa kenduta batera eta bestera joan eta dena geuk muntatzetik... Antzerki eskolan elkartu ginen herriko bost pertsona ginen, denok geneukan gehiago esperimentatzeko gogoa, eta inork deitzeko zain egon gabe hasi ginen antzezlanak sortzen eta emanaldiak eskaintzen. Hura izan zen gure hastapena, eta nire zimenduak haiek izan direla uste dut. Herri antzerkitik gatoz, hala hezi gintuen Alaitz Olaizolak, herrigintzan. Antzerkia interpretazioa baino gehiago da; antzerkiko sortzaile izateak beste diziplina askotan jardun beharra eta taldea osatzea dakar berarekin.

Ikasketak Bilboko Dantzertin egin zenituen, arte dramatikoko goi mailako eskolan. Oztoporik aurkitu al zenuen hautu hori egiteko?

Nahi nuena egiteko zalantzarik ez nuen izan, hala hezi nautelako, igoal.

Dantzertiko lehenengo promoziokoa izan zinen.

Parean egokitu zitzaidan egin nahi nuen hori etxe ondoan gauzatzeko aukera. Garai batean, arte dramatikoko ikasketa ofizialak egitera Madrilera edota beste norabaitera joaten zen jendea, baina niri Batxilergoa bukatu eta Dantzertin Arte Dramatikoa euskaraz ikasteko aukera sortu zitzaidan. Hantxe hasi nintzen.


Xanti Agirrezabala aktorea. (Arnaitz Rubio Aprea)

Agertoki handira Satiro antzelanarekin aurkeztu zinen, bakarrik eta etxean, Azpeitian. Ausardia behar al da horretarako?

Zenbat eman didan eta ematen jarraitzen didan Satiro lanak; nire opera prima da. Dantzertiko ikasketen bukaerarako lanerako egin nuen Satiro. Gure ikasketak aktore sortzaile izatera bideratu zituzten Dantzertiko irakasleek; gauza propioak sortzeko erremintak eman zizkiguten eta horretara bultzatu gintuzten. Satiro horren emaitza da. Gainera, urte hartan Dinamoa sormen gunea sortzen ari ziren, eta dena parean egokitu zitzaidan. Dinamoan sortutako lehenengo piezatako bat izango da Satiro. Nire lehen ekoizpena da, eta zazpi urte eta gero egiten segitzen dut; urrian Donostiako Tabakaleran egingo dut. 60 bat emanaldi egingo nituen dagoeneko. Dena den, zazpi urteotan ni adina garatu da Satiro lana. Antzerkia da, bizirik dagoen zerbait da eta eginez aldatzen dihoana. Eskoletan sexu heziketarekin lotutako saio askotan egin izan dut, saioen ondoren tertulia asko egin dira, eta ekarpen asko jaso ditut ikusleengandik. Satiro lana oso exijentea da, fisikoki eta eduki aldetik oso gogorra izateaz gain, bakarkako lana delako. Geroztik ez dut bakarkako piezarik egin, beti ere taldean eta ekipo onarekin errazago egiten delako lana.

Harrezkero, obra bat baino gehiagoren prozesu osoan parte hartu duzu. Sortze prozesuan parte hartzeak zer ekarpen egiten dizu?

Sarri, zero puntutik hasita egin izan dut lan proiektuetan: zer egin nahi dugu, zer egingo dugu... taldean pentsatuta eta eginez. Prozesu luzeak dira, nekagarriak bezain aberasgarriak: finantzaketa lortzeko hainbat iturritara jo behar da, dosier piloa egin eta aurkeztu... Ekoizpen bat aurrera eramateak eskatzen duen lan hori dena egin behar izaten dugu, gero oholtzan jardun ahal izateko. Baina jardunez ere asko ikasi dut. Sare on bat eta talde on bat izatea da horren guztiaren funtsa.

Eta agertokiko lanak zer eskaini dizu?

Mundiala da; gehien gozatzen dudan unea jendaurrekoa da. Jendaurrean lanean beteta sentitzen naiz. Zuzenean ari garenez, asko entseatutako antzezlana izanda ere, beti moldatzen aritzen gara; egun bakoitza bakarra da, aretoa eta ikusleak derberdinak direlako. Beraz, ezin da ezer egindakotzat eman, inoiz ez delako jakiten ikusleen erreakzioa zer-nolakoa izango den. Ikaragarria da mindfulness lana, emanaldiro adi egon beharra dago. Dejabu konpainiako Ainara Gurrutxagak esaten du antzezlan batek zure urtebetetze festa izan behar duela, eta ikusleak festako gonbidatu bezala tratatu behar direla. Nik oso presente edukitzen dut esan hori, eta gozatu egiten dut antzezten. Askotan komedian aritu izan naiz lanean, eta genero horrek aukera gehiago ematen ditu horretarako. Emanaldia hasi eta bukatu arteko denbora jolas bat bezala bizi dut, eta nire lana halakoxea izatea nahi dut. Hain ondo pasatzen dut antzerkia egiten, hainbeste gozatzen dut eta hainbeste barre egiten dut... Konturatzen naiz hori dela nire bidea.

Pantailaz bestalde ere lan egin duzu: filmetan, film laburretan, telesailetan…

Bai, ikus-entzunezkoetan ere aritu naiz interprete gisa. Gustatzen zait, eta gehiago esploratuko nukeen mundu bat da. Esperientzia oso onak bizi ahal izan ditut ikus-entzunezkoetan ere, eta horretan aritzeko gogoz nago; badaude proiektuak bidean.

Euskaraz egiten duzu lan. Nola ikusten duzu antzerkiaren eta ikus-entzunezkoen panorama?

Ekoizpena badago, bai antzerkian, bai ikus-entzunezkoetan. Euskarazko produktuak kontsumitzen dituen jendea badago, eta antzerkira joaten den jendea ere bai. Leku askotan bete ditugu aretoak, eta beste leku askotan ikusi ditugu aretoak beteta. Beti ez dira aretoak betetzen, eta errealitate hori ere hor dago, baina ezkortasun horrek zertan laguntzen digu guri? Gu –'gu' esaten dut, bakarrik ia inoiz ez dudalako lan egiten– lanerako gaude, beti formula berriak pentsatzen ari gara, ikusleak beti oso presente edukita eta urtebetetze festa horretara zein datorren ahaztu gabe. Askotariko generoetako ekoizpenak daude, bai antzerkian, bai ikus-entzunezkoetan ere; euskaraz egindako kalitatezko lanak daude. Askotan antzerkira joandakoen ahotik entzun izan ditugu horrelakoak: "Zer ederra! Zer ondo pasatu dudan, gehiago etorri beharko genuke". Gu ere buru-belarrri ari gara lanean gaur egungo ikusleari heltzeko eta ikusle berriak sortzeko. Bikoizketan ere aritu naiz lanean, eta kanpoko produktuak ere euskaratzen dira. Aitzakiarik ez dago: euskarazko produktuak kontsumitzeko aukera handia dago.

Inoiz izan al duzu Euskal Herritik kanpora lanera joateko tentaziorik?

Inoiz ez dut izan zortea probatzera joateko tentazio errealik. Garbi daukat nik neuk sortu nahi ditudan lanak Euskal Herrian eta euskaraz egin nahi ditudala, naturalki horrela ateratzen zaidalako, baina hautu bat ere bada. Dena den, kanpoko ekoizpenetan ere egingo nuke lana. Nire lekua, etxea, Euskal Herrian ikusten dut, baina maleta hartuta gustura joango nintzateke beste herrialde batera zerbait grabatzera edota bira bat egitera. Mugarik gabe mugituko nintzateke edozein lekutara. Gure lanaren gauza eder bat zein da? Ez dakigula inoiz zer etorriko zaigun.

Benetan ederra iruditzen al zaizu zer etorriko zaizun ez jakitea?

Bai, bai, baina buruko min pixka bat ere eragiten du horrek. Dena den, gero etortzen dira lanak... Lanean aritzen gara, eta jardun horrek gauza berriak sorrarazten ditu; gauzak ez dira zerutik erortzen. Erikarekin [Olaizola] askotan komentatzen dudana zera da: "Guri lanak hainbeste gauza ematen dizkigu... Orain gaude Bilbon, hurrengoan Errenterian... Hainbeste gauzatara eramaten gaitu, hainbeste proposamen iristen zaizkigu: zuzentzeko, egiteko, entzuteko... Gure ofizioa hain da zabala". Ikuspuntu horretatik begiratuta, etorkizuna zirraragarria egiten zait. Lanean daramatzadan urteetan gauza piloa egin ditut: antzeztu, ekoiztu, sortu, bikoiztu, zuzendu, irakatsi, ikasi... Gauza desberdinetan egoteko eta aritzeko aukera izan dut, baita jende piloa ezagutzekoa ere. Nire bizitzak horrela segitzen badu, liluragarria izango da. Bozgora esaten dut: nahi dudan horretan bizi naiz, eta nahi dudan horretatik bizi naiz. Nik disfrutatu egiten dut daukadan lanarekin; gustura joaten naiz lanera. Baina, noski, egin nahi dudan hori egin ahal izateko, egin behar izaten ditut gustuko ez ditudan lan asko. Oso gustura nago nire lekuan.

Hainbatetan aipatu dituzu Erika eta Xanti. Zer eskaintzen dizu binomio horrek?

Talde ona egin behar dela da lanean ikasi dudan gauza garrantzitsuetako bat. Erika [Olaizola] eta biok lagun oso onak izateaz gainera, lankide oso onak gara. Balio digun egiteko modu bat aurkitu dugu, bat egiten dugu kontatu nahi ditugun gauza askotan, eta lan egiteko eran ere bat gatoz. Aurrez, elkarrekin lan asko egiten ari ginen, eta Kaka ikuskizunerako izena jarri behar genion taldeari: Erika eta Xanti izena eman genion, Alaitz eta Maider berriak gara. Askotariko asmoekin ari gara lanean, eta orain arte inoiz ibili ez garen esparruetan gauza berriak egosten ari gara. Erikarekin lana egitea, plazeraz gainera, babesgune handia da niretzat. Gainera, guk ideia eta asmo asko izaten ditugu buruan eta tiradera desastrean, baina horiek aurrera baldintza onetan (ekipo on batekin, jendeari ondo ordainduta...) ateratzea ez da gure esku bakarrik egoten. Askotan, gogoa eta nahia ez da nahikoa izaten, nahiz eta ez dugun arazorik izaten ateak jotzeko eta zeru nahiz lur mugitzeko. Guk segituko dugu lapikoan egosten eta egosten, eta espero dut menu ederrak ateratzen segituko dugula. Gure baratzetik jaten dugu, eta baratzeak jaten ematen digu, baina uzta on baten ondoren, lugorritzen utzi behar izaten da lurra. Besteen baratzeetatik jatea ere asko gustatzen zaigu, eta lanerako deitzen digutenean ere, gustura jasotzen ditugu eskaintzak; besteen lanetan ere gustura aritzen gara, bai ikus-entzunezkoetan, bai antzerkian.


Xanti Agirrezabala. (Arnaitz Rubio Aprea)

Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak dira laster. Zer dira horiek zuretzat?

Hitzordu garrantzitsua dira Antzerki Topaketak. Ederra da herrian halako euskarazko antzerki eskaintzaz gozatzeko aukera izatea. Topaketetan beti gozatu izan dut asko, bai agertoki gainean, bai antolaketan, baita ikusle bezala ere. Aurten ez daukat ezer eskaintzeko, baina antzerkia ikustea ere asko-asko gustatzen zait, eta gozatu egingo dut. Gainera, aurten ere, egitarau oso potoloarekin dator egitasmoa. Uda eta eguzkia asko gustatzen zaizkit, baina plazera da jertsea jantzi, areto barruko butakan eseri eta emanaldiaz gozatzea, eta antzerkitik atera eta ardo bat hartuz ikusitakoa komentatzea. Beraz, ez dezagun penarik eduki ikasturtea hasi delako, areto barruko gauzak ere ederrak dira eta.

Etorkizunerako proiekturik ez duzu aurreratu nahi, baina esku bete lanekin zabiltza. Zein dira lan horiek?

Gauza asko ari naiz egiten; Tarzan bezala sentitzen naiz, liana batetik bestera saltoka, aurrera eta aurrera eginez, behera gehiegi begiratu gabe –behera zulo handia egoten da–. Udan lana eta opor txiki batzuk egin ditut, baina ikasturtea bete-betea hasi dut: haurren, gazteen eta helduen antzerki tailerrekin; Deustuko Unibertsitatean Gorputz Adierazpena eta Komunikazioa ikasgaia irakasten; Satiro, Renata eta Kaka antzezlanen emanaldiekin... Hamaika gauza egiten ari naiz, agenda beteta daukat, eta hutsik dudan eguna iristerako betetzen zait. Beste antzerki batzuetan kanpo begiradak egiten ere arituko gara, baita gauza berriak egosten ere. Esku bete lan daukat.

MOTZEAN:

  • Aktorea ez bazina, zer? Ferratzailea. Benetan? Bideoak-eta ikusten ditudanean gustatu egiten zait ofizioa.
  • Aktore lanean zer da nagikeria handiena ematen dizuna? Dosierrak eta txostenak egitea.
  • Gustura interpretatuko zenukeen zerbait? Puf! Erronka berri bat, testu askoko drama bat edota musikal bat.
  • Antzerki obra bat aukeratzekotan, zein? La casa de Bernarda Alba asko gustatzen zait.
  • Film bat? Three Billboards Outside Ebbing, Missouri.
  • Aktore bat? Sarah Paulson.
  • Antzoki bat? Antzokia bera da asko gustatzen zaidan leku bat, toki magikoak dira.
  • Zein zuzendarirekin egingo zenuke lana? Antzerkian Iñaki Rikarterekin eta zineman Asier Altunarekin.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide