Urtero bezain oparo dator urtaro hau Azpeitira. Antzerkiaren festan murgilduko da udazkenean Azpeitia, 44. Euskal Antzerki Topaketekin. Azpeitiko Udalak eta Kulturaz kooperatibak elkarlanean antolatu dituzte aurten ere euskara hutsean egiten diren arte eszenikoen jardunaldiak, eta gaur egin dute aurtengo egitaraua aurkezteko ekitaldia, Dinamoa sormen gunean. Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak azaldu du bateren batek noiz edo noiz esan izan diola "saninazioetako programa baino irrika handiagoz" itxaroten duela Euskal Antzerki Topaketena, eta hori zerbaiten seinale badela. "Harro" egoteko modukoak dira, haren ustez, Azpeitiko Antzerki Topaketak, eta euskarari bultzada emateko bidean pieza garrantzitsua ere bai. Egitarau oparoa prestatu dute 44. aldirako, adin eta gustu askotako jendeari zuzendutakoa, eta herritarrak gonbidatu ditu alkateak aurtengo jaialdian murgiltzera.
"Antzerkia ulertzeko eta egiteko modu ezberdinak" elkartu dituzte programan, Leire Sarasua Kultura zinegotziak nabarmendu duenez. Eta aniztasun hori elkarlanaren emaitza baino ez da, Amets Sorazu Kulturaz kooperatibako ordezkariaren hitzetan. Gogora ekarri du udala eta Kulturaz kooperatiba "bidelagun" izaten ari direla azken hamar urteotan Euskal Antzerki Topaketak antolatzerakoan. Kooperatibako kideak urte osoan saiatzen dira arte eszenikoen jarduna bultzatzen, eta Sorazuk nabarmendu duenez, Topaketak aukera ezin hobea dira urte osoko lana plazaratzeko.
Asteburu honetan motorrak berotzeko ikuskizun bat izango den arren –Mikra antzezlana eskainiko du bihar, Berdinki zirku konpainiak, 12:00etan, Donejakue kalean–, urriaren 30ean, ostiralez, zabalduko dute Antzerki Topaketen teloia, egun horretan izango baita egitarauaren barruko lehen emanaldia. Ttanttaka konpainiak Desobedienteak 18/98 obra taularatuko du, 19:00etan, Soreasu antzokian. Ordutik azaroaren 22ra arte, lau astetan zehar, emanaldi ugari izango dira ikusgai, haurrei zein helduei zuzenduta. Aurten, ez da estreinaldirik izango, baina bai berrikuntza bat: aurreko edizioetan ostegunetan Dinamoa sormen gunean egin izan dituzten emanaldiak aurten Soreasu antzokira aldatu dituzte, baina asteko egun horretako ikuskizunak ohi baino formatu txikiagoan egingo dituzte, Soreasu antzokia horretarako egokituta.
Obren gaineko zertzeladak
Zenbait konpainiatako ordezkariek parte hartu dute aurkezpenean, eta Azpeitian eskainiko duten emanaldiaren gaineko azalpenak eman dituzte. Xake Produkzioak taldeko Kepa Errastik azaroaren 8an, igandez, emango duten Sidari obraren gainean hitz egin du. Hark aipatu du harremanei buruzko komedia bat dela obra. "Galdera bat egiten du antzezlanak: zer da bizitzako bidelagun izatea?". Galdera horren inguruko hausnarketa bultzatu nahi du lanak, bikote harremanen inguruko gogoeta eragin, umorearen bidez.
Txalo konpainiak Rigor Mortis taularatuko du azaroaren 15ean, eta Dorleta Urretabizkaia aktoreak antzezlanaren xehetasunak aletu ditu agerraldian. Haren esanetan, "komedia bat da obra, komedia beltza, agian". Familia batean gertatutakoak ditu oinarri: aitona ahoa irekita hil da, eta ahoa nola itxi asmatu ezinda ari dira senitartekoak. "Familiako harremanak azaleratzen ditu obrak, eta sekretuak aireratu", kontatu du.
Idoia Urangak zuzendutako proposamen batek itxiko du aurtengo teloia. Hain zuzen ere, Ama begira zazu antzezlana oholtzaratuko dute azaroaren 22an Segurako (Gipuzkoa) Xirikara antzerki taldekoek. 1980ko hamarkadan arrakasta handia izan zuen obra horrek, eta hari "omenaldi xumea" egin nahi izan diote obra berriro interpretatuta. Hori bai, ordutik errealitatea asko aldatu denez, esketx batzuk ere egokitu egin dituzte. Urangaren arabera, "polita" izango da ikuskizuna. "Jendeak oraindik gogoan du emanaldi hura, eta gauza asko ezagutuko dituzte".
Bestelako proposamenak
Ohiko moldeetako antzezlanak ez ezik, bestelako proposamenak ere izango dira aurtengo egitarauan. Antzerkia txikitatik lantzen hastea garrantzitsua dela sinetsita, azaroaren 2tik 6ra bitartean, itzal titere laborategia izango da Betharram aretoan, Grama kolektiboaren eskutik –saio itxiak dira horiek, eskoletako taldeentzat–. Era berean, azaroaren 7an, txotxongilo tailerra egingo dute, Hortzmuga Amestuz kolektiboarekin, 10:30ean, Dinamoan; arratsalde horretan bertan, Birakolore kale antzerkia eskainiko du Zurrunka konpainiak, 16:30ean, Perez Arregi plazan.
Haurrentzako ez ezik, helduentzako tailer bat ere izango da, horiek arte eszenikoen munduan murgil daitezen. Munstro eszenikoa izenburupean, Maite Aizpuruak eta Garazi Navasek gidatuko dute ikastaroa, azaroaren 21ean, 10:00etatik 14:00etara, Dinamoa sormen guneko Gorputzaren Eremuan.
Antzerkia ez da oholtza gainean erakusten dena bakarrik, atzeko lan asko ezkutatzen duen diziplina da, eta jardun horretan abilak dira Xanti Agirrezabala eta Alaitz Olaizola. Gazteei nahiz helduei zuzendutako antzerki tailerrak ematen dituzte herrian, eta gaztetxoen kasuan, urte osoan egiten duten lanaren emaitza erakusten dute ikasturte amaieran ez ezik, baita Antzerki Topaketen egitarauaren barruan ere. Azaroaren 9tik 13ra bitartean, antzezlan horiek eskainiko dituzte Soreasu antzokian; saio itxiak izango dira, ikastetxeentzat. "Gazteek gazteentzako saioak egingo dituzte", esan du Agirrezabalak. Elene Arregi eta Peru Segurola izango dira obra horietako bat antzeztuko dutenak, eta superbotereen ingurukoa dela jakinarazi dute. Antzerkia egiteak zenbat ematen dien azaldu dute jendaurrean.
Ea aktoreei bezainbeste ematen dien aurtengo edizioak herritarrei ere. Antzezlanetarako sarrerak eskura daitezke dagoeneko, antzerkitopaketak.eus atarian.
Egitaraua
Hona hemen, 44. Euskal Antzerki Topaketen egitarau osoa:
Urriak 30, ostirala
- 19:00. Desobedienteak 18/98 (Tanttaka). Soreasu antzokian.
Azaroak 1, igandea
- 19:00. Bi baso bat ur (Metrokoadroka). Soreasu antzokian.
Azaroaren 2tik 6ra, astelehenetik ostiralera
- Itzal titere laborategia, Grama kolektiboaren eskutik, Betharram aretoan.
Azaroak 5, osteguna
- 19:00. Jo! (Magma Mia). Soreasu antzokian.
Azaroak 6, ostirala
- 19:00. Zanbuila (Lolak Kolektiboa). Soreasu antzokian.
Azaroak 7, larunbata
- 10:30. Txotxongilo tailerra, Hortzmuga taldearen eskutik. Dinamoa sormen gunean.
- 16:30. Birakolore (Zurrunka). Kale antzerkia, Perez Arregi plazan.
Azaroak 8, igandea
- 19:00. Sidari (Xake). Soreasu antzokia.
Azaroaren 9tik 13ra, astelehenetik ostiralera
- Eskola antzerkia. Saio itxiak ikastetxeentzat, Soreasu antzokian.
Azaroak 12, osteguna
- 19:00. Heroiaren mina (Gaizka Chamizo). Soreasu antzokian.
Azaroak 13, ostirala
- 19:00. Diamante gordina (Anodino). Soreasu antzokian.
Azaroak 15, igandea
- 19:00. Rigor mortis (Txalo). Soreasu antzokia.
Azaroak 19, osteguna
- 19:00. Hegan egiteko gogoa da (Piszifaktoria Ideien Laborategia). Soreasu antzokian.
Azaroak 20, ostirala
- 19:00. Patatekin (Barrexerka). Soreasu antzokian.
Azaroak 21, larunbata
- 10:00-14:00. Tailerra: Munstro eszenikoa (Maite Aizpurua eta Garazi Navas). Dinamoa sormen guneko gorputzaren eremuan.
Azaroak 22, igandea
- 19:00. Ama begira zazu (Xirikara). Soreasu antzokian.