Artisau azoka eta umeen bizikleta probak, YK Riders Festaren azken txanparako

Julene Frantzesena

Askotariko produktuak eskuratzeko aukera izan dute herritarrek, hainbat postu jarri baitituzte eskualdeko artisauek eta sortzaileek. Arratsaldean umeen bizikleta lasterketak egin dituzte, eta gero, musika emanaldiak izango dira: erromeria, Azax taldea eta DJak.

YK Riders Festa iritsi da azken txanpara, baina skate parkearen inguruan ez da ekitaldirik faltako datozen orduetan ere. Atzoko egun borobilaren ondotik, eguerdian atsedenerako tartea izan dute bizikleta, scooter nahiz skate zaleek. Izan ere, artisau azoka egin dute skate parkearen inguruan, eta askotariko produktuak eskuratzeko aukera izan dute herritarrek. Gainera, igande eguerdia izanik, hainbatek probestu dute aukera marianito tragoa hartzeko eta gildak dastatzeko.

Arratsaldean, 16:00etan hasita, umeen bizikleta lasterketak egin dituzte. Dozenaka umek parte hartu dute adinaren arabera egin dituzten probetan; zirkuitu batean hainbat itzuli egin behar izan dituzte parte hartzaileek. Gero musikaren txanda izango da. Hain zuzen ere, 18:00etan hasita, erromeria eskainiko dute Garixek, Txibilterrek, Etxaidek eta Aldalurrek. 21:00etan, berriz, Azax taldea igoko da karpako agertokira, eta gero emanaldia eskainiko dute Remember, Bombax eta Patx DJek.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide