Azpeitiko Udala poligonoetako landa lursailak mugatzen ari da azken urteetan. Egun, 15 eta 18 zenbakia duten poligonoetako lurrak mugatzen ari da erakundea, eta lan horiei lotuta, udalak aurrez aurreko arreta eskaintzen hasi da lursail horietako jabeei.
Mugatze horien eta digitalizazio lanen inguruko informazioa emateko, udalak irailaren 24an egin zuen bi zenbaki horietako poligonoetako landa lursailen jabeekin bilera. Mugaketaren inguruko lur jabeek izan ditzaketen zalantzak argitzeko nahiz haiek jaso duten liburuxka nola bete eta entregatu behar duten azaltzeko, udala aurrez aurreko arreta zerbitzua eskaintzen hasi da lur jabeei. Geogramako teknikariek urriaren 6an egin zuten lehen saioa, eta datozen asteetan ere hitzordu gehiago eskainiko dituzte, hala nola urriaren 22an, ostegunez, 13:30etik 18:30era, eta azaroaren 3an, asteartez, 09:00etatik 14:00etara. Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ) –udaletxeko lehen solairua–izango dira Geogramako teknikariak bi egun horietan.
Nolanahi ere, saio horietan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurrez hitzordua eskatzea. Horretarako, 615 016 214 telefono zenbakira deitu beharko dute interesa duten herritarrek. Gainera, arreta jasotzeko, lur jabe bakoitzak bere dokumentazioa aurkeztu beharko du hitzorduaren egunean. "Modu horretan, zalantzak argitzeaz gain, dokumentazioa behar bezala betetzeko eta entregatzeko jarraibideak jasoko dituzte", azaldu du udalak.
Lan lursail horien jabeek azaroaren 8rako entregatu beharko dute jaso duten liburuxka; datuak beteta eta sinatuta eman beharko dituzte. Udalak prozesuan parte hartzera animatu ditu lur jabeak, mugaketa lanak behar bezala gauzatzeko, haien "lankidetza funtsezkoa" dela eta.