Ipuin kontaketa eta irakurketa musikatua izango dira aste honetan Udal Liburutegian

Iraia Oteiza

'Isildu aurretik' poesia liburuaren irakurketa musikatua Dinamoan, iazko urrian. (Aitziber Arzallus)

Miriam Mendozak ipuin kontaketa saioa eskainiko du asteazkenean Haur Hezkuntzako 4. eta 5. mailetako ikasleei zuzenduta. Ostegunean, berriz, Mikel Alberdiren Isildu aurretik poesia liburuaren irakurketa musikatua egingo dute Mikel Alberdik eta Aitor Huergok. 

Aste honetan bi saioz gozatzeko parada izango da Azpeitiko Udal Liburutegian. Haurrei zuzendutako ipuin kontaketa saioa izango da asteazkenean, eta helduentzako irakurketa musikatua ostegunean, Mikel Alberdi eta Aitor Huergoren eskutik.

Miriam Mendoza ipuin kontalariak gidatuko du haurrentzako kontaketa saioa asteazkenean. Haur Hezkuntzako 4. eta 5. mailetako ikasleei zuzendutako saioa 17:30ean hasiko da, eta hara joan nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute. Liburutegiko 943-15 71 95 telefono zenbakira deituta, 688 81 55 06 telefono zenbakira Whatsapp mezua bidalita edo honako formulario hau beteta eman daiteke ipuin kontaketarako izena. Bihar, asteartea, izango da horretarako azken eguna.

Bestetik, helduei zuzendutako saioa ere izango da liburutegian; izan ere, Mikel Alberdiren Isildu aurretik poesia liburuaren irakurketa musikatua egingo dute ostegunean han. Mikel Alberdi bera eta Aitor Huergo musikaria arduratuko dira saioa gidatzeaz. 18:30ean hasiko da emanaldia, eta herritar orok izango du bertaratzeko aukera, aurrez izena eman beharrik gabe. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide