Bizikletentzako hirugarren aparkaleku itxia, Landetan

Maialen Etxaniz

Bizikleta gune berria, Landetan. (Azpeitiko Udala)

Orain arte, Salbe auzunean eta Jose Artetxe kalean egokitutako aparkalekuak izan dira erabilgarri herritarrentzat. Landetako aparkalekuaren bidez, herrigunetik industriagunera arteko joan-etorriak bizikletaz egitea bultzatu nahi du udalak. Erakundeak adierazi duenez, "batez ere langileei begira" jarri dute bizikletentzat gordeleku berria.

Bizikletentzako aparkaleku itxia jarri du Azpeitiko Udalak Landetan. Iazko uztailean jarri zituen udalak bizikletentzako lehen bi aparkaleku itxiak, Salbe auzoan eta Jose Artetxe kalean, eta Landetakoa izango da hirugarrena. Zehazki, Antzibarrena eta Gerratxiki kaleen artean jarri dute aparkaleku itxien gune berria. Udalak azaldu duenez, kokaleku berria ez da hausazkoa. Izan ere, industriagunera joan-etorria egiten duten herritarrei zuzenduta jarri dute batez ere; herrigunetik industriagunera arteko joan-etorriak bizikletaz egitea bultzatu nahi du udalak. Horrela azaldu du Joanes Amenabar Ingurumen batzordeburuak: "Batik bat langileei begira jarritako aparkalekua da. Herritarrei bizikletaz mugitzeko aukera erosoak eta praktikoak eskaintzea da gure helburua, eta badakigu horretarako garrantzitsua dela bizikletak modu seguruan uzteko aukera ematea herritarrei". Gaineratu du udala ohartu dela, aurreneko bi aparkalekuak izandako harrera ikusita, zerbitzu mota horrek herritarren eguneroko beharrei erantzuten diela.

Udalak adierazi duenez, aparkaleku berriak hamar bizikleta gordetzeko lekua du, eta doakoa da. Salbe auzoko eta Jose Artetxe kaleko aparkalekuen baldintza berberak izango ditu; hau da, bizikleta gehienez zazpi egunez utzi ahal izango da bertan geldirik, eta erabiltzaile bakoitzak bizikleta bakarra eduki ahal izango du aparkatuta aldi berean. Era berean, bizikleta ez den beste ezer uztea debekatuta egongo da.

Erabiltzeko prozedura

Aparkalekua erabiltzeko, aldez aurretik zerbitzuan izena eman behar da. Horretarako, bi aukera daude: PVerde izeneko aplikazioaren bidez edo www.parkingverde.com webgunean erregistratuta. 18 urtetik gorakoek eman dezakete izena, eskatutako datuak betez; adingabeen kasuan, gurasoek edo tutoreek egin behar dute erregistroa. Pertsona juridikoek ere eman dezakete alta, beren langileei aparkalekua erabiltzeko baimena emateko. Erregistratu ondoren, erabiltzaileak kode bat jasoko du. Aparkalekura sartzeko, kode hori edo mugikorreko PVerde aplikazioa erabil daiteke. Horrez gain, telefono bidez sartzeko aukera ere badago.

Aparkalekuko atea irekitzen den bakoitzean, pertsona batek bakarrik sartu behar du bizikleta, giltzatuta. Ondoren, ixteko botoiari eman behar dio, eta atea behar bezala itxi dela egiaztatu.

Bi urteko ibilbidea

2025ean jarri zituzten bizikletentzako lehen bi aparkaleku itxiak Azpeitian, eta handik urtebetera, proiektuaren inguruko erreportajea kaleratu zuen Azpeitia Gukak ekaineko aldizkarian. Ordurako, 73 herritarrek alta emana zuten zerbitzuan. Herritarren erantzunarekin "oso gustura" agertu zen Joanes Amenabar. "Horrela esanda agian ez dirudi sekulako kopurua denik, baina kontuan izanda aparkaleku bakoitzak hamar bizikletarentzako lekua duela, kontuan izateko moduko kopurua iruditzen zaigu. Ikusi dugu, gainera, dezenteko mugimendua izaten dela aparkaleku horietan, dezenteko sartu-irtena, eta okupazioari dagokionez, batez beste, %50ekoa-edo dela. Horrek esan nahi du alta emanda dauden erabiltzaileek ez dutela arazorik izan bizikleta aparkatzera joan direnean, eta hori ere interesgarria iruditzen zaigu", adierazi zuen zinegotziak. 

Hastapenetan, udalaren xedea zen herritarrek gauez bizikletak "lasai" aparkatzeko aukera izatea. Amenabar: "Aparkaleku itxiak jartzea erabaki genuen herritarrek bizikletak gauez kalean lasai utz zitzaten. Geroz eta herritar gehiagok dituzte bizikleta elektrikoak, eta normala da erreparoa ematea horiek kalean uzteak, asko balio dutelako. Eta elektrikoak izan gabe ere, gauza bera gerta daiteke bestelako bizikletekin". Aparkaleku itxiak jartzea erabakitzeko orduan, segurtasunarena alderdi "erabakiorra" izan zela aipatu zuen ordukoan. Orain, helburu horretatik harago, herrigunetik industriagunera joan-etorriak erraztea nahi du erakundeak.  

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide