Azpeitiko Gure Eskuk Zazpi jauziz, herri bat herri ekimenerako prestatzeko Zazpi jauzi dantzaren entsegua antolatu du bihar, osteguna, 21:30ean, herriko plazan. Luix Alberdi Beltza dantza irakasleak gidatuta egingo dute dantza saioa, eta herritarrak bertan parte hartzera animatu dituzte.
Biharko entsegu saioa igandeko herri ekimenerako beroketa ariketa gisa egingo dute. Izan ere, Euskal Herriko zazpi hiriburuetan Zazpi jauziz, herri bat herri ekimen bateratua antolatu du Gure Esku mugimenduak iganderako, urriaren 25erako. Donostian, Gasteizen, Bilbon, Iruñean, Donibane Garazin, Baionan nahiz Maulen, eguerdiko hamabietan, Zazpi jauzi dantzatzeko deia egin die herritarrei. Modu horretan, Euskal Herriko zazpi hiriburuetan aldi berean mobilizatuko da Gure Esku. Dantzatuz, Euskal Herriaren "etorkizunerako jauzia" egin nahi du, egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko "nazio sena biziberritzea" helburu duelarik herri ekimenak.
Azpeitiko Gure Eskuk Donostiako ekimenean parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Donostiarako joan-etorria egiteko autobus zerbitzu publikoa erabiltzeko aukera dutelako. "Orduero dago autobusa Azpeititik Donostiara, baita handik herrira itzultzeko ere. 09:00etakoa edota 10:00etako autobus zerbitzuak hartzea da egokiena Donostiara joateko", adierazi dute taldekoek.
Donostiako Zazpi jauziz, herri bat ekimeneko egitaraua honakoa izango dela aurreratu dute Gure Eskukoek:
- 11:00. Dantza entsegua, Trinitate plazan.
- 11:40. Kalejira, Trinitate plazatik Plaza Berriraino.
- 12:00. Zazpi jauzi dantza, Plaza Berrian.
- 12:05. Manifestuaren irakurketa.
- Ondoren, giroa.