Aurten ere, urriaren 31n, Gau Beltza edo Arimen Gaua ospatuko dute Azpeitian. Jai horren bigarren aldia izango da, eta iaz estreinakoak izandako arrakastaren ondotik erabaki dute aurten ere antolatzea. Euskal tradizioan, historian eta hizkuntzan oinarritutako Gau Beltza ospatzeko gogoa zuen guraso talde baten ekimenez egin zuten aurrenekoa, eta talde hori bera ari da bigarrena prestatzen ere, udalaren, Juan Antxieta musika eskolaren, Itsasi dantza taldearen eta Bertan merkatari elkartearen laguntzarekin.
Atzo arratsaldean jakinarazi zituzten aurtengo Gau Beltzaren bueltako xehetasun guztiak, udal garbitokian egin zuten aurkezpenean. Guraso taldearen ordezkariek eta zenbait umek parte hartu zuten ekitaldian, eta han izan zen Leire Sarasua Hezkuntza eta Kultura zinegotzia ere. Gau Beltza ospatzeko arrazoiak eta egitarauaren nondik norakoak azaldu ondotik, herritarrak jaian parte hartzera gonbidatu zituzten, ahal dela euskal jantzi tradizionalak soinean dituztela. Atzoko aurkezpenera halaxe azaldu ziren dozena erdi bat lagun; beraz, inork jantzien inguruan dudarik balu, goiko argazkia lagungarri izan lekioke.
Antolatzaileen esanetan, Euskal Herrian tradizio handia duen jaia da Gau Beltza edo Arimen Gaua. "Gure arbasoentzat mugarri zen urriaren 31. Neguaren etorrera sinbolizatzen zuen, eta baserritarrek uzta ematen zuen lurrari atseden hartzen uzten zioten hainbat errituren bidez". Kontrara, udaberrian Amalurra esnatu egiten zuten Santa Ageda jaietako makilakadekin eta inauteriekin. Horrez gain, Gau Beltza hildako senideak eta hurbilekoak oroitzeko gaua ere bazela azaldu zuten, eta heriotzaren eta bizitzaren arteko muga pixka bat lausotzeko saiakeran, asko direla herriz herri jaso diren kontakizunak: "Kalabazak edo arbiak hustu, aurpegi itxura eman, kandela txiki bat sartu eta bide bazterretan argiztatuta jartzen zituztenekoak, bizilagunak beldurtzeko eta hildakoen arimei bidea erakusteko". Hain justu, Gau Beltzak Euskal Herrian antzinatik izan duen garrantzia berreskuratzeko nahiak bultzatu zituen iaz jaia antolatzen hastera, eta helburu berarekin ari dira aurten ere.
Lanketa horretan, jantziei "garrantzi berezia" ematen dieten antolatzaileek; horregatik eskatu diete herritarrei bertako jantzi tradizionalak janzteko. "Konplikazio handirik gabeko jantzia da, baserritar jantziekin eta etxeko trapu zaharrekin osa daitekeena: lepora lotutako oihal zuria, alkandora koadroduna, baserritar jantziaren azpiko edo gaineko gona, mahoizko galtzak, lastozko txapela, abarkak eta artilezko galtzerdiak... txorimalo piurako edozerk balio du mozorrotzeko".
Jantziak prestatzeko tailerra
Gau Beltzaren bezperan, urriaren 30an, ostiralez, jantziak prestatzeko eta kalabazak husteko tailerra egingo dute Txiki Txoko eta Iturritxiki ludoteketako hezitzaileen laguntzarekin, Sanjuandegiko Jose Antonio Agirre plazan 17:15ean hasita. 0-7 urte bitarteko haurrek helduek lagunduta joan beharko dute; 8-12 urte bitartekoak, berriz, bakarrik joan ahalko dute. Tailer horretara oihal edo izara zuriak eramatea komeni dela aurreratu zuten, baina materialik ez duten haurrentzat bertan ere egongo dela. Maskarak egiteko aukera ere izango da tailerrean. Parte hartu ahal izateko, aurrez izena eman beharko dute lotura honetan.
Urriaren 31n, berriz, 19:00etan plazan jarri dute hitzordua. Aurrena, mozorroak soinean eta kalabazak eskuetan, Alde Zaharrean barrena kalejira egingo dute, traktore eta guzti, eta trikitilariek lagunduta. Antolatzaileek arabera, kalejiran doazen bitartean zein atzera plazara iristean, ipuinak entzuteko, antzerki bat ikusteko, gaztainak jateko, beldurrak sutara botatzeko eta dantza egiteko aukera izango dute parte hartzaileek. Ondoren, berritasun bezala, azoka plazan afaltzeko aukera izango dute hala nahi dutenek; hori bai, norberak eraman beharko du janaria. Iluntzea girotzeko musika jartzeaz Xabifesf DJa arduratuko da, 22:00ak artean.
Hona hemen Gau Beltzerako eta bezperarako antolatu duten egitaraua.
Urriak 30, ostirala
- 17:15-19:15. Gau Beltzerako mozorroa egiteko eta kalabazak husteko tailerra, Sanjuandegiko Txiki Txoko ludotekan.
Urriak 31, larunbata, Gau Beltza
- 19:00. Kalejira Alde Zaharrean, Juan Antxieta musika eskolako trikitilariekin. Bidean, gaztaina jana eta ipuin kontaketa saioa.
- Plazara itzultzean, Itsasiko kideekin dantza herrikoia egingo dute eta beldurrak sutara botako dituzte.
- Segidan, lurrari atseden emateko, ipuin antzeztua egingo dute.
- 20:30-22:00. Herri afaria Azoka Plazan, Xabifest DJaren musikak girotuta. Jan-edana norberak eraman beharko du.