Frantziskanetako Sortzez Garbiaren ordenako klausurako Azpeitiko komentua hutsik geldituko da aste gutxi barru. Martxoaren 3an hil zen Frantziskanetako bertako azken moja, eta ordutik Perutik Azpeitiko ordenako mojei laguntzera etorritako bi moja bakarrik bizi izan dira komentuan. Orain, bi moja horiek Perura itzuliko dira, eta komentuaren itxiera kanonikoko eukaristia egingo dute Frantziskanetako elizan, larunbatean, urriaren 24an, 17:00etan hasita. Fernando Prado Donostiako gotzainak gidatuko du elizkizuna, eta Peruko Sortzez Garbiaren monastegiko ama abadesak eta Azpeitiko komentuan bizi izan diren bi mojek parte hartuko dute. Eliztarrak itxiera ospakizunean parte hartzera deitu dituzte.
Frantziskanak Azpeitian bertan sortu ziren, eta herriko elkarte erlijioso zaharrena dira; XV. mendean sortu ziren, eta 1997. urtean bosgarren mendeurrena ospatu zuten. Elormendiko San Pedro baselizan du jatorria elkarteak. XVI. mendean, Enparan dorretxearen ondoko lurrak erosi zituzten, eta 1567an komentua eta eliza eraikitzeko baimena lortu zuten, orduko Iruñeko gotzainak emanda. 1605. urtean bukatu zituzten Frantziskanetako komentua eraikitzeko obrak. Eliza, berriz, 1677ko urriaren 4an inauguratu zuten.
Klausurakoak izan dira Frantziskanetakoak, eta duela bi urte ordenako bi kide besterik ez ziren gelditzen han, adin handikoak biak. Haietako azkena zen matxoaren 3an hil zen Bidaburu. Komentuaren ateak behin betiko itxiko dituztela eta, egun bertan bizi diren bi mojekin hitz egin nahi izan du Gukak, baina ez dute elkarrizketarik eman nahi izan, "itxiera kontuekin lanpetuta" dabiltzalako.
Zelai Luzeko komentua itxita, zortzitik bira murriztuko dira Azpeitiko moja etxeak. Jesus-Mariatakoa eta Olazko Dama Katekistena dira Azpeitian irekita jarraitzen duten beste bi komentuak. Mariaren Sierben kongregazioak orain bi urte utzi zuen herria, 2024ko maiatzaren aurrenean, Azpeitian 125 urte egin ondoren.