Frantziskanetako Sortzez Garbiaren ordenaren komentua, Azpeitiko zaharrena, hutsik gelditzera doa, eta XV. mendean herrian bertan sortu eta harrezkero bertan egon den mojen ordena agurtzeko meza gaur arratsaldean egin dute,, Zelai Luzeko komentuko eliza bete-bete zela. 17:00etan hasi da euskaraz eta gaztelaniaz egin duten elizkizuna; bost gutxian hasi dira kanpaiak eukaristiarako deitzen, baina ordurako majo beteta zeuden Frantziskanetako elizako eserleku gehienak.
Fernando Prado Donostiako gotzainak gidatu du elizkizuna, elizgizon ugari ondoan zituela; horien artean zeuden Jose Ignacio Eguzkitza Azpeitiko parrokoa, Kepa Susperregi herriko erretore ohia eta Mikel Aranguren, Donostiako Elizbarrutiko bikario nagusi azpeitiarra.
Hasteko, Perutik etorritako Sortzez Garbiaren ordenako lekaimeen buruak gaztelaniaz eta Pello Elorzak euskaraz, Frantziskanetako Sortzez Garbiaren ordenaren eta Azpeitiko komentuaren historia eta bilakaera azaldu dituzte. Sermoian, gotzainak azpimarratu du agur esateko baino, esker ona adierazteko hitzordua izan dela itxiera kanonikoaren elizkizuna. Azken txanpan, Itsasiko bi dantzarik aurreskua dantzatu dute aldare aurrean, eta elizan elkartutakoen txalo zaparrada jaso dute.