Udal eta foru hauteskundeak 2027

Nagore Alkorta ez da EH Bilduren alkategaia izango datozen udal bozetan

Julene Frantzesena

Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea. (Maialen Etxaniz)

Gaur egun alkate dena ez da EH Bilduren zerrendaburu izango datorren urteko maiatzeko hauteskundeetan. EH Bilduk oraindik ez du jakinarazi zein izango den alkategai berria, baina Alkortak esan du "esku onenetan" utziko duela EH Bilduren udalgintzako proiektuaren lidertza. Dena ondo egin ez badute ere, egindakoarekin eta lortutakoarekin "gustura" dagoela ere esan du.

2019tik Azpeitiko alkate den Nagore Alkorta ez da EH Bilduren zerrendaburua izango datorren maiatzeko udal hauteskundeetan. Gaur eman du erabakiaren berri azpeitiarrak, hedabideetara bidalitako gutun baten bidez. Hark adierazi du sentimendu nahasiak dituela, harrotasunaren eta penaren arteko sentsazio "arraro" bat duela, eta argitu du ez doala "ez nazkatuta, ez nekatuta, ez amorratuta". Dena ondo egin ez badute ere, egindakoarekin eta lortutakoarekin "gustura" dagoela ere esan du.

EH Bilduren proiektua "kolektiboa" dela ere adierazi du, eta haize freskoa "beti" dela ona zehaztu. "Lasai joango naiz, datozen egunetan ikusiko dugun bezala, esku onenetan utziko dudalako EH Bilduren udalgintzako proiektuaren lidertza". Ez du argitu zein izango den alkategai berria, baina esan du herriak dituen erronkei sakontasunez erantzuteko eta herritarren ondoan aritzeko prest dagoela: "Nire konfiantza osoa du".

Honako hau da Nagore Alkortak kaleratu duen gutuna:

"Gutun honen bidez iragarri nahi dizuet 2027ko udal hauteskundeetan ez naizela berriro EH Bilduren hautagaia izango. Gaur egin dut publiko erabakia, baina aspaldi hartutakoa da. Hasiera-hasieratik, asko jota bi agintaldiko "iraungitze data" jarri nion alkate karguari, eta uneoro oso argi izan dut hala izango zela. EH Bilduren proiektua proiektu kolektiboa da, eta beti da ona haize freskoa.

Hori horrela izanda ere, eta erabakirik onena horixe dela guztiz sinetsita nagoen arren, udal hauteskundeak gerturatzen ari diren honetan, aitortzen dizuet sentimendu nahasiak ditudala. Harrotasunaren eta penaren arteko sentsazio arraro batekin ari naiz lerro hauek idazten. Ez noa nazkatuta, ez noa nekatuta, ez noa amorratuta. Lehen eguneko indarrarekin eta ilusioarekin jarraitzen dut. Oraintxe bertan ere, asko motibatzen nauten proiektuak ditu esku artean udal gobernu honek, Azpeitia hobe bat lortzea ekarriko duten proiektuak, dudarik gabe.

Badakit ez dugula dena ondo egin, baina gustura nago egin eta lortu dugunarekin. Aurrerago ere izango da balorazio pertsonalak egiteko denbora. Nahiko nuke eskerrak emateko tartea ere hartzea. Baina aurrerago. Gutun hau agur bat iragartzeko da, baina ez agur esateko. Datozen hilabeteetan ere gogotsu jarraituko dugu lanean, herri proiektu honen erreleboan, geure onena ematen.

2019ko ekain hartan, kargua hartu nuen egun hartan, galdetu izan balidate nola nahiko nukeen alkatetza uztea, ziurrenik, gaur ditudan sentipen hauek edukitzea izango zen egoerarik idealena; hau da, harrotasunaren eta penaren arteko nahasketa bat izatea, eta nazkatuta, nekatuta edo amorratuta beharrean, indarrez, ilusioz eta motibazioz joatea, alkatearen bulegoa proiektu ederrez betetako karpetekin dudala.

Izugarri eskertuta nago ondoan izan dudan taldearekin. Lasai joango naiz, datozen egunetan ikusiko dugun bezala, esku onenetan utziko dudalako EH Bilduren udalgintzako proiektuaren lidertza. EH Bilduko oinarriek proposatuko duten alkategai berria prest dago herri honek dituen erronkei sakontasunez erantzuteko, herritarren ondoan aritzeko eta, taldearekin batera, etorkizuneko Azpeitia eraikitzen jarraitzeko. Nire konfiantza osoa du.

Azpeitia hobe bat osatzeko bideak aurrera jarraitzen du. Eta, nola ez, herri honen alde lanean jarraituko dut aurrerantzean ere, beste toki batzuetatik".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide