Azpeitiko EAJk jakinarazi du zein izango den datorren urteko maiatzaren 23an egingo dituzten udal hauteskundeetarako alkategaia: Rebeca Larrañaga Udabe. Azpeitiarra da Larrañaga, 1972an jaioa, eta urteak daramatza alderdi jeltzaleari lotuta. Gaur egun, ez da zinegotzia Azpeitiko Udalean, baina 2019-2023 agintaldian zinegotzi izan zen, baita 2015-2019 agintaldian ere.
Larrañagak "enpresetako ardura postuetan esperientzia, ibilbide profesional sendoa eta udal administrazioan eskarmentua" uztartzen dituela adierazi du alderdiak. Zuzendaritzako Idazkaritza ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean, eta metalgintza industria arloko Oñaz enpresan lan egin du ikasketak amaitu zituenetik. 30 urte daramatza han administrazio lanetan. "Ibilbide horri esker, esperientzia handia eskuratu du lantaldeen kudeaketan, plangintza estrategikoan eta erabakiak hartzeko prozesuetan. Era berean, bertatik bertara ezagutzen ditu herriko ekonomia eta ekoizpen sarea", adierazi du Azpeitiko EAJk.
Lan esparruan pilatutako esperientziari administrazio publikoaren ezagutza gehitu behar zaiola nabarmendu du alderdiak; izan ere, Larrañaga Azpeitiko Udaleko zinegotzi izan zen bi agintalditan jarraian, 2015etik 2023ra bitartean. "Urte horietan, udalaren funtzionamendua, herritarren beharrak eta Azpeitiak aurrean dituen erronka nagusiak gertutik ezagutzeko aukera izan zuen", zehaztu dute.
Gainera, San Sebastian festen bueltan udalak antolatzen duen karroza lehiaketa irabazi zuen Larrañagak orain urte batzuk. Zehazki, hark diseinatu zuen 2012ko haurren danborradan atera zen karroza. Azpeitia: musika eta kirolean ardatz izan zen karroza haren gaia.
Kirolerako afizioa ere badu EAJren alkategaiak, eta orain gutxi elkarrizketa egin zion Gukak, beste zenbait igerilarirekin batera, itsas zeharkaldietan parte hartzeko ohitura duelako. Era berean, Julian Barrenetxea haurren abesbatzako zuzendaria izan zen urte luzez. "Eginkizun horrek agerian uzten ditu herriko kultur jarduerarekiko duen inplikazioa eta talde lanarekiko konpromisoa", jeltzaleen arabera.
Aro berri bati ekiteko
EAJk adierazi duenez, aho batez hartu dute erabakia, eta adierazi du "herriko egoera politikoa desblokeatzea" helburu nagusi duen egitasmoa aurkeztu duela, "gertutasunean, elkarrizketan eta azpeitiarren benetako arazoei irtenbideak bilatzean oinarritutako gobernatzeko modu berri baten alde eginez". Halaber, Azpeitiko jeltzaleek adierazi dute aro berri bati ekingo diotela, hiru lehentasun nagusi izango dituen gobernu proposamenarekin: "Herritarrei entzutea, zorroztasunez kudeatzea eta Azpeitiak aurrera egin dezan adostasunak eraikitzea".
EAJk gogorarazi du EH Bilduk urte asko daramatzala gehiengo osoarekin Azpeitian gobernatzen, eta herriak aro politiko berri bati ekiteko beharra duelakoan dago. Gainera, alderdiak zalantzan jarri du orain arteko gobernatzeko modua, "oposizioaren ekarpenak eta herritarren zati baten eskaerak "bigarren mailan" gelditu direlako, "elkarlanerako eta adostasunak eraikitzeko aukerak mugatuz".
Horren aurrean, udal erabakien erdigunean pertsonak jarriko dituen kudeaketa eredua proposatu du Larrañagak: "Azpeitiak benetan entzungo duen udala behar du, herritarren kezkak ulertuko dituena eta erronkei aurrea hartzeko gai izango dena, soilik arazoak agertutakoan erantzutera mugatu beharrean". Larrañagaren ustez, gobernatzea ez da gero beteko ez diren promesak egitea. "Konpromisoak hartzea, zorroztasunez lan egitea eta erantzunak ematea da. Entzuten duen, hartzen dituen erabakiak azaltzen dituen eta emandako hitza beteko duen kudeaketa egin nahi dugu", adierazi du.
Azpeitiaren etorkizuna herritarrekin, gizarte eragileekin, elkarteekin eta udal ordezkari guztiekin batera eraikitzeko beharra nabarmendu du, gainera, hark. "Ondo ezagutzen dut Azpeitia, ondo ezagutzen dut udala, eta badakit zenbateko gaitasuna duen herri honek. Nire konpromisoa da urte hauetan pilatutako esperientzia eta ezagutza guztiak herriaren zerbitzura jartzea, gertutasunez, arduraz eta lanerako gogo handiz".