Arimek eta kondairek hartu dituzte kaleak Gau Beltzean

Nerea Uranga

Gau Beltzaren edota Arima Gauaren ospakizun jendetsua egin dute Azpeitiko kaleetan, guraso talde batek antolatuta, Azpeitiko Udalaren, Juan Antxieta musika eskolaren, Itsasi dantza taldearen eta Bertan merkatari elkartearen parte hartzearekin. Ehunka lagunek parte hartu dute kalejiran.

Euskal tradizioan, historian eta hizkuntzan oinarritutako Gau Beltza edo Arimen Gaua ospatu dute Azpeitian, guraso talde batek antolatuta, Azpeitiko Udalaren, Juan Antxieta musika eskolaren, Itsasi dantza taldearen eta Bertan merkatari elkartearen parte hartzearekin. 

Gau Beltz jendetsua ospatu dute eta arimez morrotutako haur eta helduek hartu dituzte kaleak. Mozorroak soinean eta kalabazak eskuetan, Alde Zaharrean barrena kalejira egingo dute, traktore eta guzti, eta trikitilariek lagunduta. 19:00etan abiatu dira plazatik eta Enparan kaletik barrena Perez Arregi plazara joan dira, han ipuin kontalari baten eskutik kontakizun bat entzun dute adi-adi parte hartzaileek eta antolatzaileek gaztaina erreak banatu dituzte parte hartzaileen artean. Ondoren, trikitilarien doinuan kalejiran itzuli dira plazara, Done Jakue kaletik barrena.

Plazan kontakizun antzeztua egin dute, eta bakoitzaren beldurrak sutan erre dituzte. Gau Beltzaren ospakizuna bukatzeko azoka plazan afaltzeko aukera izan dute norberak bere janaria emanda, eta  Xabifesf DJak girotu du jaia.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide