Harremanei buruzko komedia bat da Sidari antzezlana. Zer kontatzen du?
Jokinek eta Jonek 30 urte inguru dituzte, eta bikote dira. Bikote harremanaren zortzigarren urteurrena ospatzeko, Interrail bidaia egitea erabaki dute. Trenera igo eta berehala, adineko bikote batekin topo egingo dute. Bikote hori urte pila batez ezkonduta egon zen, baina, gaur egun, beren arteko harremana bukatuta dute; dagoeneko ez daude ezkonduta, baina jarraitzen dute bizitza zentzu batean partekatzen. Tartean, oporrak elkarrekin igarotzen dituzte. Adineko bikote horrek bikote gazteari zera esango dio: eurak bere garaian Korfu irlan dagoen Sidari izeneko herrian egon zirela, han dagoelako maitasunaren kanala deitzen diotena. Esaten dute kanalera salto egin eta hura igerian gurutzatzen duten bikoteek elkarri betiereko maitasuna eskaintzen diotela. Bikote helduak gazteari esango dio eurek bere garaian ez zutela lortu kanala igerian gurutzatzea, eta joateko hara eta saiatzeko hori egiten, baldin eta nahi baldin badute elkarri betiereko maitasuna eskaintzea. Elkarrizketa hori da aitzakia bat betiereko maitasuna zer den mahai gainean jartzeko. Askotan, maitasuna erromantizatuta izaten dugu, eta, kontrara, ematen du bikote bat haustean harreman horrek betirako eten behar duela edo gaizki moldatu behar dutela. Horri buelta bat emateko aitzakia da bi bikote horien arteko topaketa, eta maitasunaren forma desberdinak jende aurrean azaltzekoa ere bai.
Galdera bat egiten du obrak: zer da bizitzako bidelaguna?
Eta zer da maitasuna? Bi galdera horiei erantzun nahi die antzezlanak. Ohiko harreman ereduei buelta bat eman nahi die obrak, edo behintzat, zalantzan jarri nahi du zer den bikote finko eta egonkor bat. Hausnarketa egiten du horren inguruan, edo bizitza nola bizi nahi dugun jartzen du mahai gainean. Izan ere, agian, batzuek bakarrik bizi nahi dute, eta hori ere zilegi da. Uste dut gizarte honek bideratzen gaituela bikotean funtzionatzera; bikotea da formula mundu honetan egoteko. Bakarrik egon den jendea izendatzeko gaitzespenezko hitzak erabili izan dira: mutilzahar, neskazahar... Momentu batean, obran zera planteatzen da: zer gertatzen da bizitza lagunen artean konpartitu nahi dutenekin? Edo bi pertsona bere garaian bikote izan ziren, baina gaur egun ez dira elkarrekin bizi, eta gauza asko partekatzen dituzte. Hori bikotea da? Ez da? Zerk bereizten du bikote harreman bat bestelako harreman batetik? Sexuak? Urte asko elkarrekin daramatzaten zenbat bikotek ez daukate sexurik? Askok, %90ek edo. Hori ez da bikote izatea? Edo bai? Galdera horien guztien bueltan hausnartuko dugu.
Nahiz eta gai potoloen inguruan gogoeta egin, umorea da osagai nagusia, ezta?
Bai, erabat. Baina beste momentu batzuetan lasaitasunez hitz egiten dira gauzak. Uste dut interesgarria dela bi estilo horien arteko nahasketa.
Obraren egilea zara. Bikote harremanen inguruan hausnartzea izan al da zure asmoa?
Nik gertu dauzkadan gaiak jartzen ditut mahai gainean, horrela jaiotzen zaizkidalako, eta azkenean, direlako nik dauzkadan ezinegonak edo sortzen zaizkidan galderak. Eta gai hau ere hor zegoen.
Aktore lanetan ere ariko zara. Zer rol jokatuko duzu?
Bikote edadetuko gizona naiz ni. Horrek aukera eman dit muturreko pertsonaia bat hezurmamitzeko, eta oso ondo pasatzen ari naiz.
Orain arte, zer moduzko harrera izan du lanak?
Sei-zazpi lekutan eman dugu, eta oso harrera ona izaten ari da. Jendea mezuarekin gelditzen dela iruditzen zait, ez bakarrik komediarekin. Buruari bueltak ematen ateratzen dira ikusleak antzokitik, eta hori interesatzen zitzaigun.
Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan askotan izan zarete. Aurten ere ilusioz etorriko al zarete?
Bai. Iruditzen zait Euskal Herrian antzerkizaletasunak daukan hitzordu inportanteenetako bat dela, eta, gainera, euskara ardatz duena. Ilusioa egiten dit horren parte izateak.
DATOZENAK
Bihar, ostirala
19:00. Lolak kolektiboaren eskutik, Zanbuilak, Soreasu antzokian. Egileak eta aktoreak: Esti Curiel, Irene Hernando eta Amaia Ruiz de Galarreta.
Etzi, larunbata
16:30. Zurrunka Teatroaren eskutik, Birakolore kale antzerkia, Perez Arregi plazan. Interpreteak: Eñaut Gorbea eta Amaia Garrosa.
Azaroak 8, igandea
19:00. Xake produkzioen eskutik, Sidari, Soreasu antzokian. Egilea: Kepa Errasti. Zuzendaria: Getari Etxegarai. Aktoreak: Kepa Errasti, Getari Etxegarai, Iholdi Beristain eta Hodei Arrastoa.