Udalaren eta Bertan merkatari elkartearen Azpeitia zaindu bonu kanpainako txartelak gaur 16:00etan ziren salgai jartzekoak Azoka Plazan eta azpeitiazaindu.eus webgunean, eta ez pentsa zenbait herritar aukera galtzeko zeudenik. Irekiera ordua jotzeko hogei bat minuturen faltan, dozenaka lagun zeuden Azoka Plazara sartzeko ilaran, eta behin salmenta mahaia irekita, gehiago joan dira bertaratzen. Gaur 19:30ak arte egongo da Azoka Plazan bonuak eskuratzeko aukera, eta bihar, ostirala, 09:30etik 13:30era eta 15:00etatik 16:30era ere bai.
Guztira, 4.000 bonu jarri dituzte salgai. Txartel bakoitzak, erosteko orduan, 35 euro balio ditu; gastatzeko garaian, berriz, 50 euro. 16 urte beteta dituzten herritarrek dute bonuak erosteko aukera, herritar bakoitzak gehienez bi bonu eskuratu ahal izango ditu, eta urtarrilaren 5era arte egongo da horiek erabiltzeko aukera. Aurten 18 urte betetzen dituzten 174 azpeitiarrei, berriz, 15na euroko bonu bana oparituko diete; etxera bidaliko diete horiei. Udalak 60.000 euro bideratuko ditu bonu kanpainara, eta kanpainak, herritarren ekarpenak kontuan izanda, ia 200.000 euroko eragin ekonomiko zuzena izango du herriko merkataritzan.