Agortu dira erosketa bonuak

Julene Frantzesena

Herritar hainbat, gaur goizean, bonuak eskuratzeko ilaran. (Aitziber Arzallus)

24 ordu igarotzerako agortu dira Azpeitiko Udalak eta Bertan merkatari elkarteak Azpeitia zaindu kanpainaren bueltan kaleratutako 4.000 erosketa bonuak. Herritarrek urtarrilaren 5era bitartean erabili ahal izango dituzte horiek, herriko merkataritza, ostalaritza nahiz zerbitzu establezimenduetan.

Aurreikusitako moduan, eguerdirako agortu dira Azpeitia zaindu kanpainaren barruko erosketa bonuak. Aurten ere arrakasta itzela izan du egitasmoak; izan ere, 24 ordu igarotzerako agortu dira Azpeitiko Udalak eta Bertan merkatari elkarteak salgai jarritako 4.000 bonuak. Gaur goizerako agortuta ziren online atera zituzten 1.913 bonuak, eta gaur eguerdian saldu dituzte aurrez aurre eskuragarri jarri zituzten 3.826 bonuetatik azkenak.

Internet bidezko salmentari ekin ziotenean arazo teknikoak izan zirela adierazi dute kanpainaren sustatzaileek, eta horren ondorioz sortutako eragozpenengatik barkamena eskatu dute. Herritarrentzat esker hitzak izan dituzte, bai hasierako une haietan izandako pazientziagatik, baita kanpainak izan duen harreragatik ere.

Bonuak 2027ko urtarrilaren 5era arte erabili ahal izango dituzte herritarrek Azpeitiko merkataritza, ostalaritza nahiz zerbitzu establezimenduetan. Bonu bakoitzak 50 euroko balioa du –hamar euroko bost txarteletan banatuta–, eta 35 eurotan eskuratu dute herritarrek. Gainera, aurten, kaleratutako 4.000 bonuetatik 174 urte honetan bertan 18 urte betetzen dituzten herritarrengana bideratu dituzte. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide