Azpeitiko Udaltzaingoaren gardentasun, baliabide eta antolaketa falta salatu ditu Esan sindikatuak

Nerea Uranga

Azpeitiko Udaltzaingoaren egoitza. (Guka)

Azpeitiko Udaltzaingoaren egoera gero eta kaskarragoa dela, eta gardentasun faltaz gainera, eskubideen urraketa nahiz baliabide eta antolaketa falta daudela salatu du Esan sindikatuak, kaleratu berri duen ohar  baten bidez. Udaltzainen txandak osatu ezina, "konpondu gabeko arazoa" dagoelako dela nabarmendu du euskal polizien sindikatuak.

Azpeitiko Udaltzaingoaren egoera kaskarra eta udaltzainek pairatzen duten "eskubide urraketa" salatuz ohar luze bat kaleratu du Esan euskal polizien sindikatuak. Besteak beste, Udaltzaingoan gardetasun falta dagoela, udaltzainen eskubideak urratu egiten direla nahiz baliabide eta antolaketa falta daudela kritikatu ditu sindikatuak. Hamaika izan dira Esan sindikatuak Azpeitiko Udaltzaingoaren gainean egindako kritikak, eta "Azpeitiko polizia ereduak" aldaketa behar duela aldarrikatu du.

Esan sidikatuak azaroko udalbatzarra aipatu du, eta esan du bilkura horretan Nagore Alkorta alkateak udaltzainen gabeziaren benetako arrazoiari heldu beharrean, "arreta desbideratu" zuela, eta hauteskundeak datozela kontuan hartuta, "bere eginkizunak" Udaltzaingoari helarazi dizkiola. Azaroaren 3an egindako udalbatzarreko galde eta erreguen txandan, Jabier Altuna EAJren udal bozeramaileak Udaltzaingoaren lau txandak betetzeko zailtasunez galdetu zion alkateari. Alkortak Udaltzaingoaren txandak betetzeko zailtasunak zeudela aitortu zuen, eta jakinarazi zuen Esan sindikatuak enpresa batzordean baliabide eskaera eginda zuela: "Jakitun gara Udaltzaingoaren egunerokoak beste baliabide batzuk eskura izatea ere eskatzen duela; ez suzko armak bakarrik, baita beste baliabide batzuk ere, eta horrei buruz hitz egitekoak gara", erantsi zuen alkateak osoko bilkuran.

Alkateak udalbatzarrean esandakoa kritikatu egin du, ordea, Esan sindikatuak: "Urtarrilean lan absentismoa izan zen, eta orain ordu sindikalak dira. Berriro daturik eman gabe. Oporrak, baimenak edota jarduera sindikalerako eskubideek zerbitzuari eragiten badiete, konpondu gabeko arazo bat dagoenaren seinale dira". Esan-en ustez, "Azpeitiko Udaltzaingoa zerbitzu publiko gisa hondatzen ari da pixkanaka".

Kamerez eta grabatzeko gailuez

Udaltzainen eskubideak urratzen direla salatu du Esanek. Salaketa hori egiteko orduan, hainbat hilabetez Azpeitiko Udaltzaingoaren hiru ibilgailuetan irudiak eta elkarrizketak grabatzeko gailu digitalak instalatuta izan zituztela eta aldez aurretik langileek ez zutela inongo informaziorik jaso aipatu du sindikatuak. Gertakari hori salatzeko, Esan sindikatuak espedientea sartu zuen Azpeitiko Udalean 2023ko apirilaren 26an, alkatearen dekretua nahiz txostenak eskatuz. "Erantzuna isiltasuna izan zen, eta ez zen erantzukizunik argitu", adierazi du Esanek.

Azpeitiko bide publikoan bideozaintzako kameren instalazioetan egon daitezkeen "irregulartasunak" ere salatu ditu polizia sindikatuak: Antzibarrena kalekoa aipatu du bereziki, eta Loiolako santutegiaren inguruko matrikula-irakurgailuak eta 360 graduko gailuak zalantzan jarri ditu. Horrelako gailuak legezko bermerik gabe erabiltzearen kontra dagoela adierazi du Esanek: "Bideo-zaintzak delituak prebenitzeko eta ikertzeko balio behar du, istripuak argitzeko, eta ez herritarren justifikaziorik gabeko kontrol tresna gisa".

Esan sindikatuak Atestatu Unitate espezializatu bat sortzeko proposamena eginda duela, baina udalak proposamen hori aintzat ez hartzea kritikatu du Esanek. "Unitate horrek Babesa Unitatearen funtzioak ere integratuko ditu, goizeko eta arratsaldeko arretarekin, egungo baliabideak aprobetxatuta eta plantilla handitu gabe".

Iparrizar (Azpeitian bizi diren indarkeria matxista jasaten edota jasan duten emakumeei nahiz LGTBIQ+ kolektiboko pertsonei zuzendutako udal zerbitzua) proiektuari ere hutsuneak aurkitu dizkio Esan sindikatuak, eta horren baitan esan du Udaltzaingoari beharrezko baliabiderik eman gabe biktimak behar bezala babestea zaila dela. "Bereziki kezkagarria da atestatu batzuetan Ertzaintzaren polizia aurrekaririk ez jasotzea, eta informazioa jasotzeko Espainiako Poliziara jotzea. Horrez gainera, biktimak babesteko eta eramateko ibilgailua askotan Azpeititik kanpo egoten da. Arrazoizkoa al da biktimentzako funtsezko baliabide bat eskuragarri ez egotea beharrezkoa izan daitekeenean?".

Kaleko presentzia

Udaltzainen kaleko presentzia asko murriztu dela eta polizia prebentzioa "diskurtsoetan baino ez" dagoela ere salatu du Esanek. "Udalak uste du nahikoa dela txanda bakoitzeko bi udaltzaini eustea, abisuei, istripuei, delituei, salaketei nahiz administrazio lanei erantzuteko. Gertatu da, baina, Azpeitiko Udaltzaingoa zerbitzurik gabe geratu izatea, udaltzainek biktimak eta atxilotuak Zarautzera eraman behar zituztelako". Esanek azpimarratu du prebentzioak "plangintza, poliziaren presentzia eta kaleko lana" eskatzen dituela.

Udaltzaingoaren oinarrizko zerbitzuak kaskartu izana eta Udaltzaingoaren antolaketa eskasa ere gaitzetsi ditu Esan sindikatuak. Horri irtenbidea emateko, etengabeko prestakuntza ezinbestekoa dela iritzi diote sindikatu horretakoek, eta "polizien arteko lankidetza" defendatu dute, "koherentzia, gardentasuna eta irizpide argiak" eskatuz.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide