Azaroaren 11ko greba orokorra

Biharko greba deialdiak eragina izango du herrian

Iraia Oteiza

Etxebizitza eskubidea bermatzea aldarrikatzeko biharko greba orokorraren kartela. (Maialen Etxaniz)

Azpeitiko Udalak bat egin du biharko greba orokorrarekin, eta udaletxea zein udal eraikin eta zerbitzu guztiak itxita egongo dira. Enpresa eta saltoki batzuen jarduna ere eten egingo da, eta autobus zerbitzuetan aldaketak izango dira. Arratsaldean, manifestazioa egingo dute herrian. 

Etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko eta etxebizitzaren negozioarekin eta espekulazioarekin amaitzeko helburuarekin, greba orokorra egingo dute bihar, azaroak 11, Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek eta gehiengo sindikalak. Deialdiak Azpeitian ere izango du eragina, eta hainbat enpresa nahiz zerbitzuren ohiko jarduna etengo da egun osoan zehar.

Azpeitiko Udalak grebarekin bat egingo duela jakinarazi du, eta, ondorioz, udal eraikin eta zerbitzu guztiak itxita egongo dira bihar. Hala, ez dituzte ateak irekiko udaletxeak, igerilekuak, kiroldegiak, liburutegiak, euskaltegiak, ludotekek, Gaztelekuak, Emakumeen Txokoak eta etxebizitza zein energia bulegoek.

Lanuzteak, halaber, herriko enpresa ugariren jardunean ere eragin nabarmena izango du. Azpeitiko Greba Batzordeak emandako datuen arabera, besteak beste, honako enpresa hauek batu dira grebara: Astigarraga Kit Line, Biele, Corrugados Lasao, Glual, Sarralle eta Arimar. 

Urola Erdiko Mankomunitateak ere bat egin du greba orokorraren deialdiarekin. Hori dela eta, herritarren arretara bideratutako zerbitzuak itxita egongo dira; tartean, Azpeitiko Azoka Plazako bulegoak eta Laienen azpiegiturak.

Pentsiodunen plataformak eta Gautenako langileek ere bat egin dute grebarekin. Pentsiodunen plataformak etxebizitza eta soldata duinen aldeko aldarrikapenak partekatzen dituela adierazi du, eta espekulazioarekin amaitzeko zein langileen bizi baldintzak hobetzeko neurriak eskatu ditu. Gainera, Donostian egingo den eguerdiko manifestazioan parte hartzera deitu ditu Gipuzkoako pentsiodunak.

Azpeitiko Gautenako langileek, berriz, zaintza sektoreko langileen soldata apalak eta lan baldintza prekarioak salatu dituzte, eta zaintza lanek aitortza sozial eta ekonomiko handiagoa behar dutela nabarmendu. Era berean, greba egiteko duten aukera mugatua salatu dute, erabiltzaileen ongizatea eta segurtasuna bermatu behar dituztelako.

Aldaketak garraio publikoan

Garraio publikoari dagokionez, autobus zerbitzuetan ere aldaketak izango dira. La Guipuzcoanak jakinarazi duenez, hainbat zerbitzu bertan behera geratuko dira, eta martxan izango diren autobusen ordutegiak lotura honetan kontsulta daitezke. Euskotrenen zerbitzuek ere grebaren eragina nabarituko dute, bai trenbidean, bai Lurraldebusentzat eskaintzen dituen autobus zerbitzuetan. Enpresak azaldu duenez, gutxieneko zerbitzuak %30ekoak izango dira, eta ohiko zerbitzuen ordez eskainiko dituzten ordutegiak argitaratu ditu. Hemen kontsulta daitezke haien ordutegiak. 

Mobilizatzeko eguna

Lanuzteez gain, mobilizazioak ere izango dira bihar egun osoan zehar. 09:00etan hasiko dituzte pikete informatiboak, plazatik hasita, eta eguerdian hiriburuetan egingo dituzte manifestazio nagusiak. Donostiakoa 12:30ean abiatuko da Pio XII plazatik, eta sindikatuek eskualdeko herritarrak bertan parte hartzera deitu dituzte. Arratsaldean, berriz, Urola Erdira itzuliko dira mobilizazioak: Azpeitian manifestazioa egingo dute 18:00etan, herriko plazatik abiatuta.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide