Goizean goizetik greba orokorra eragina izaten ari da Azpeitian, hainbat enpresaren zein zerbitzuren ohiko jarduna etenda dago, kaleak hutsik daude eta herri inguruko errepideetan ohi baino ibilgailu gutxiago dabil. Etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko eta etxebizitzaren negozioarekin eta espekulazioarekin bukatzeko helburuarekin deitu dute gaur greba orokorrera, Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek eta gehiengo sindikalak.
Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideak goizean goizetik hasi dira industrialdeetan piketeak egiten, eta irekita zeuden lantegietako langileei greba egitearen arrazoiak azaldu dizkiete. Lasaoko Anardin zirela, Ertzaintzak atzeman ditu hamar lagun. Atxikita izan ditu pixka batean, eta ondoren, identifikatzera behartu ditu.
Goizeko bederatzietan, berriz, herriko plazan elkartu dira greba orokorrerako deia egin duten eragileetako eta sindikatuetako ordezkariak eta herriko beste hainbat eragiletako kideak pikete informatiboa egiteko. Jende asko batu da, 400 pertsona inguru. Plazatik irten eta Alde Zaharretik Julian Elorza kaletik, Juan XXIII. kalera joan dira eta handik Foru ibilbidetik, Jose Artetxe kaletik Sanjuandegira eta handik Aozaratzatik Errebaletik behera herriko plazara arteko ibilbidea egin dute. Bidean, irekita zeuden saltoki bakanetakoei grebaren arrazoiak azaldu dizkiete eta irekita zeuden banketxeak itxiarazi eta seinalatu dituzte, "espekulatzaile nagusienetakoak" direlako.
Greba eragina izaten ari da Azpeitian eta lanuztearekin bat egin duten eragileak asko dira. Azpeitiko Udalak grebarekin bat egin du eta udal eraikin eta zerbitzu guztiak itxita daude, baita Urola Erdiko Mankomunitatearenak ere. Herriko enpresa ugariren jardunean ere eragin nabarmena da. Azpeitiko Greba Batzordeak emandako datuen arabera, besteak beste, honako enpresa hauek batu dira grebara: Astigarraga Kit Line, Biele, Corrugados Lasao, Glual, Sarralle eta Arimar. Pentsiodunen plataformak, Gautenako langileek eta Astindu Armayuek plataformak ere bat egin dute grebarekin.
Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek eta euskal sindikatuek deituta manifestazioa egingo da 12:30ean, Donostian. Arratsaldean, baina, 18:00etan herriz herri mobilizatuko dira. Azpeitian manifestaziora deitu dute, plazatik irtenda.