Hautatu dituzte Hator Hator Horror Fest jaialdirako zortzi film laburrak

Nerea Uranga

Hator Hator Horror Fest jaialdiaren irudia Soreasu antzokiko pantailan.

Beldurra, fikzioa, animazioa, zinema eta musika uztartzen dituen VI. Hator Hator Horror Fest jaialdia datorren larunbaterako, azaroaren 14rako, antolatu dute. Film laburren emanaldian (17:30), Mermelada lan berria aurkeztuko du Xanti Rodriguezek, eta segidan, jaialdira aurkeztutakoen artean hautatutako zortzi film labur proiektatuko dituzte Soreasun. 22:00etatik aurrera, berriz, Anestesia eta Txatar taldeen kontzertua izango da Sanagustin kulturgunean.

Beldurrezko eta animaziozko zinema nahiz musika uztartzen dituen Hator Hator Horror Fest jaialdiaren seigarren edizioa datorren larunbaterako, azaroaren 14rako, antolatu dute Ospel Films-ek eta Kulturaz kultur kooperatibak. 

Estreinaldi berezia egingo dute aurtengo Hator Hator Horror Fest film laburren jaialdian. Izan ere, Xanti Rodriguezek Mermelada film laburra aurkeztuko du, 17:30ean, Soreasu antzokian. Azpeitiar zinemagileak Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 37. Astean aurkeztu zuen lan berria. Film labur horren gidoiaz, zuzendaritzaz, argazkiaz eta ekoizpenaz arduratu da Rodriguez, Ospel Films-eko zinemagilea. Musika Joseba Beristain musikari azkoitiarrak egin du, eta Dorleta Urretabizkaia aktore donostiarra da filmeko protagonista. Fantasia eta beldurrezko generoko filma da, eta 1980ko hamarkadan girotuta dago, baserri batean.

200 film laburretik gora

Mermelada filmaren aurkezpenaren segidan, Hator Hator Horror Fest jaialdiaren seigarren ediziorako hautatutako film laburrak emango dituzte Soreasun larunbat arratsaldean. Aurtengoan, mundu guztitik, 200 film labur baino gehiago aurkeztu dituzte Azpeitiko beldurrezko film laburren jaialdira. "Gero eta gehiago dira jaialdira aurkeztutako filmak, eta urtez urte lanen maila altuagoa da", esan du Rodriguezek.

Jaialdira aurkeztutako film guztietatik zortzi aukeratu ditu epaimahaiak eta horiek ikusteko aukera izango da zapatuan Soreasun. Honakoak dira jaialdirako hautatutako filmak: Una Pizca de Ouija, Ultima Generación, Happy, Nemesis,  The Reflection, Ascesis,  Siempre hay un monstruo eta Tinieblas. "Larunbatean Soreasun proiektatuko ditugun film bat ez beste guztiak fikzio errealeko generokoak dira; bat hori animaziozkoa da, eta esanguratsua gainera. Espainiako Estatu mailakoak dira zazpi filma eta bat Irangoa da, farsi hizkuntzan egina.

Film laburren emanaldirako sarrera doan da, eta proiekzio osoak 120 minutu inguruko iraupena izango du, antolatzaileek aurreratu dutenez. Hala, beldurrezko eta animaziozko generoaren zaleak larunbatean Soreasu antzokira joatera animatu dituzte.

Zinema eta musika uztartzen ditu HHHF jaialdiak, eta aurtengoan, Anestesia eta Txatar taldeen kontzertua izango da larunbat iluntzean, 22:00etan hasita, Sanagustin kulturgunean. Kontzerturako sarrerak dagoeneko bukatuta daude.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide