Oier Etxeberria izan da Gukak antolatutako Irudhitzen lehiaketaren hamargarren edizioaren irabazlea. 2027. urteko egutegia osatzeko bidean, Gukak argazkien atala jarri zuen abian, eta Iñigo Olarteren irudia izan zen irabazlea. Ondoren, argazki horiei hitzak jartzeko lehiaketa egin zuen Gukak, eta Oier Etxeberria, Ixabel Jauregi, Ane Gurrutxaga, Joanes Karrera, Felipe Murillo, Marijo Urkizu eta Jon Aizpuru herritarren lanak aukeratu ditu egutegian argitaratzeko. Argitaratutako hamabi lanetatik Oier Etxeberriaren testua izan da irabazlea, Ihintza Elustondok, Maider Egigurenek eta Inge Belokik osatutako epaimahaiak hala erabakita.
Etxeberriak hamaikagarren irudiari jarri zion testua, eta honako hau da lan irabazlea:
Azken geltokiaren
lehenengo baldintza,
itzuli ezin duen
bagoi bat balitza.
Atzeranzko bidaian
aldiri bakoitza;
erreila bidetu da,
orbeldu haritza.
Nasan zuri itxoiten
doakit bizitza,
kea darizu baina
urak zarabiltza.

Egutegia, sari banaketa eta erakusketa
Aurtengo lehiaketara aurkeztutako lanen artean aukeratutako hamabi irudiekin eta testuekin osatutako 2027ko egutegi hori abenduko aldizkariarekin batera jasoko dute Azpeitia Gukaren bazkideek. Erakusketa, berriz, abenduaren 3an zabalduko du Gukak. Sanagustin kulturgunean egongo dira ikusgai aurtengo lehiaketara aurkeztutako irudiak eta testuak, abenduaren 14ra arte.