Magma Mia antzerki konpainiaren Jo! antzezlanak eskuratu du 44. Euskal Antzerki Topaketetako Ikuslearen Saria. Anduriña Zurutuza eta Beatriz Egizabal aktoreek, Txefo Rodriguez zuzendariak eta Cesar Marcos diseinatzaileak jaso zuten saria atzo iluntzean, Soreasu antzokian egindako ekitaldian. Leire Sarasua Kultura batzordeburuak eman zien irabazleei garaikurra, 600 euroko sari ekonomikoarekin batera.
Antzezlanak Sorkun eta Grego ditu protagonista, aspaldian elkar ikusi ez duten bi lagun min. Kalean ustekabean elkartuko dira, eta kirola egiten duten bitartean, ikerketa antropologiko berezi bati ekingo diote. Horretarako, norberaren bizipenak eta bizitza istorioak izango dituzte abiapuntu. Jo! azaroaren 5ean, ostegunez, taularatu zuten Azpeitian. Hala, aurtengo edizioan ezohiko zerbait gertatu da: Ikuslearen Saria formatu txikiko antzezlanetako batek eskuratu du.
Sari banaketarekin batera, 44. Euskal Antzerki Topaketei amaiera eman zieten atzo. Azken jardunaldian, umorea izan zen protagonista, Ama begira zazu antzezlanaren emanaldiarekin. Antolatzaileek oraindik topaketen balorazio sakonagoa egiteko badute ere, Azpeitiko Udala pozik agertu da aurtengo edizioak herritarren artean izan duen harrerarekin.