San Eloi jaiak, eguzkipean eta giro ederrean

Iraia Oteiza

Azoka, animalien erakusketa, magia eta trikiti doinuak izan dira nagusi goizean Landetan; arratsaldean, sokamuturrak hartu ditu auzoko kaleak. 

Eguraldiak lagunduta eta jai giroan murgilduta ari dira ospatzen San Eloi festak Landeta auzoan. Goizean azoka eta animalien erakusketa egin dituzte, trikiti doinuek lagunduta, eta Iagomagoren magia emanaldiaz eta auzo bazkariaz ere gozatu dute herritarrek.

Arratsaldean, berriz, sokamuturra izan da jaietako protagonista. Lopene ganadutegiaren eskutik atera dituzte zezenak kalera, eta herritar ugari bertaratu da hitzordura, jai giroaz gozatzera. Egunari amaiera emateko, oraindik trikipoteoa eta txerriboda izango dituzte gaur Landetan.

Bihar ere jaiak aurrera jarraituko du: eguerdian zezen txikiak eta poniak izango dira, ondoren herri kirol desafioa eta marka saiakerak, eta jarraian trikibazkaria egingo dute. Hona hemen datorrenaren egitaraua: 

Gaur, larunbata

  • Sokamuturraren ondoren, trikipoteoa. 
  • 20:30. Txerriboda, Landeta sagardotegian. 

Bihar, igandea

  • 12:00. Zezen txikiak eta poniak, Albara ganadutegiarekin. 
  • 13:00. Herri kirol desafioa: Iker Vicente eta Mikel Larrañaga vs. Eneko Otaño eta Julen Alberdi Txikia IV.a.
  • Ondoren, marka saiakerak: Irati Osinalde, Haritz Aranguren, Jon Unanue Goenatxo III.a eta Olaia Esnaola. 
  • 15:00. Trikibazkaria, Mendizabal erretegian. Erreserbak bertan. 

Abenduak 1, asteartea

  • Eguerdian, auzo bazkaria, Lau Bide jatetxean. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide