Espainiako Gorteetarako bozak (2026)

20 puntu igo da parte hartzea Azpeitian, azken urteetako marka gaindituta

Iraia Oteiza

Hautetsontziak. (Iraia Oteiza)

Azken urteetako parte hartzerik handiena izaten ari dira Espainiako Gorteetarako hauteskundeak: 18:00etarako Azpeitiko hautesleen %67,74 izan dira botoa eman dutenak. 2023ko uztailean, ordu horretarako, %47,72k zuen botoa emanda. 

Jakinarazi dituzte Espainiako Gorteetarako hauteskundeetako 18:00ak arteko parte hartze datuak, eta azken urteetako parte hartzerik handiena izaten ari da. Espainiako Barne Ministerioak emandako datuen arabera, Azpeitian, 20,02 puntu igo da arratsaldera arteko parte hartze datua, 2023ko uztaileko hauteskundeetako datuekin alderatuta. Boza ematera deituta dauden herritarren %67,74 izan dira hauteslekuetan, hau da, 7.809 herritar. 2023ko bozetan, aldiz, 18:00etarako 5.426 hauteslek eman zuten botoa, deitutako herritarren %47,72k.

Gipuzkoan ere gora egin du parte hartzeak, baina modu apalagoan; izan ere, 16,12 puntu egin du gora datuak, eta, horrenbestez, Gipuzkoako hautesleen %68,94k eman dute botoa 18:00etara bitartean. 2023an, %52,82k eman zuten boza ordu horretarako.

20:00etan itxiko dituzte hauteslekuak eta orduan hasiko da botoen kontaketa. Atari honek gertutik jarraituko du hauteskunde gaua, eta Azpeitiko emaitzen berri emango du 21:00etatik aurrera.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide