Uztarria: "iz. Zurezko atal sendoa eta landua, idi, behi edo kidekoei, lanerako lotzeko, lepo gainean ezartzen zaiena. Elkarrekin aritzea xede". (Orotariko Euskal Hiztegia)
Izen hori aukeratu zuten elkartearen sortzaileek, orain 24 urte, Azpeitiko euskarazko lehen komunikabidea bataiatzeko. Baita asmatu ere.
Lurra goldatu zuten, lehenik. Lurra mugitu eta arnasberritu. Azpeitian prentsa gazteleraz irakurtzen zen ordura arte. Euskaraz alfabetatu gabe zegoen belaunaldi oso bati euskarazko produktu erakargarri bat eskaini zien Uztarriak, hortaz: hilabetekaria.
Ereiteko garaia ere iritsi zitzaien, ondoren: webguneak, Azpeitiko atayek, gazteak komunikabidera batzeko balio izan zuen, herrian zer ari zen egosten jakiteko foroetako ekarpenak leitu beharra zegoen, derrigor.
Lana fin egin izanak uzta oparoa ekarri digu berarekin: azken urteetako bilakaera horren erakusle: 2022an, Uztarria.eus-ek ia lau milioi bisita izan zituen. Tokiko komunikabideetan parekorik ez duen datua, inondik ere.
Urteotan izan ditugu enbatak, euri jasak, kazkabarra ere. Komunikazio teknologien eraldaketa sakona, prekarietatea, kostuen garestitzea, paperaren produkzioaren konzentrazioa...
Nekazaritzan bezalaxe, komunikabideen alorrean ere, egungo erremintak garai batekoekiko zeharo desberdinak dira: boligrafoak eta paperak, ordenagailuei eta sakelako telefonoei eman diete paso. Hitza pisua galduz joan da, irudiaren mesedetan. Bideo eta argazkiak dira egun gehien kontsumitzen diren edukiak. Berehalakoak, etengabeak.
Horrek guztiak gure egitura berritzera eraman gaitu, ezinbestean. Uztarria txiki geratu baitzaigu. Horregatik, Urola Kostako beste sei komunikabiderekin bateratu eta UKT kooperatiba eratu dugu. Eta, aurrerantzean, GUKA egitera gatoz.
Talde sendoarekin. Lan profesionala eginez. Esperientziaz jantzia, eta halaber, eduki freskoak eta berritzaileak eskaintzeko asmoz. Azpeitiko nahiz Urola Kostako aldarrien plaza berria izango da GUKA. Izen berriarekin, izana mantenduz.
Komunitate trinko bat eraikitzen jarraituko dugu; Azpeitia izanen dugu abiapuntu eta helmuga, baina inguruko xendetan gora eginez, Izarraitzeko gailurretatik begirada zabalduko dugu eskualdera.
Elkarteak kooperatibari eman dio lekukoa, eta hark gidatuko gaitu bide berrietan barrena. Azpeitiko albisteen oihartzuna ozen entzun dadin, lau haizetara.
Urolaldeko euskaldunok, mintza gaitezen GUKA.
Guka: "1 perts. Plu. Lehengoek gu gehiago zaukaten ezenez ni; guka gehiago mintzo ziren nika baino". (Orotariko Euskal Hiztegia).