Voxek errekurtsoa aurkeztu du Gipuzkoako Lurralde Auzitegian, Azpeitiko epaileak hogei herritarren aurkako auzia behin-behinean artxibatzeko hartutako erabakiaren aurka. Horrenbestez, auzia ez dago oraindik itxita, eta Lurralde Auzitegiak erabaki beharko du artxiboa berresten duen ala prozedurarekin jarraitzea agintzen duen.
Azpeitiko epaileak ikertuen eskaera aintzat hartuta erabaki zuen auzia behin-behinean artxibatzea. Hala ere, ebazpen horrek ez zuen irmotasunik, Voxek helegitea aurkezteko aukera baitzuen. Orain, alderdi ultraeskuindarrak aukera hori baliatu du, eta auziaren etorkizuna Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren esku geratu da.
Auzia 2024ko apirilaren 14ko gertakarien ondorioz abiatu zen. Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainaren testuinguruan, Vox Azpeitian informazio mahai bat jartzen saiatu zen, eta hainbat herritarrek protesta egin zuten alderdi faxistaren aurka. Horren ondoren, alderdiak hogei lagunen aurkako salaketa aurkeztu zuen, hauteskunde delitua, gorroto delitua, mehatxu delitua eta hertsatze larria egotzita.
Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformak adierazi nahi du errekurtsoaren aurrean adi jarraituko beharra dagoela, hogei lagunen aurkako prozesu judiziala ez delako amaitu. Halaber, orain arte jasotako elkartsuna eskertzeaz gain, faxismoaren zein errepresioaren aurkako antolakuntzaren beharrezkotasunean berresten du.